"Arerioek Azkoitiko kantxa zailtzat hartzea nahi" zuela zioen Joseba Lizarralde Rubio Domusa Teknik ISBren entrenatzaileak aste honetan, Espainiako LF Challenge liga hasi bezperatan. Atzo arratsaldean, Rubio beraren esanetan mailaz igotzeko faborito nagusietakoa den Recoletas Zamora hartu zuten Iraurgikoek Azkoitian ligako lehen jardunaldian. Eta majo sufritu zuen Gaztelako taldeak, baina azkenean, garaipenik gabe utzi zituen etxekoak.
Azken txanpan ihes egin zion garaipenak Iraurgiri, partida osoan markagailuan aurretik ibili ondoren. Lehen laurdenean lortu zuen abantaila (21-13) ondo kudeatu zuen Domusa Teknik ISBk azken laurdenera arte. Bigarren laurdena kanpokoentzat izan zen (13-16), baina bost puntu goitik zirela (34-29) harrapatu zuten atsedenaldia Lizarralderen jokalariek. Hirugarren laurdenean abantailatxoari bere horretan eustea lortu zuten (17-17).
Azken laurdenean, ordea, partida berdindu zuen Zamorak, 13-18 partziala eginda. Lortzear zuen garaipenak ihes eginda, eta aurretik egindako lanaren eta ahaleginaren nekearen pisuarekin, luzapenean ezin izan zion eutsi Iraurgik, eta Zamora aise nagusitu zen, 6-14, markagailuan amaierako 70-78 emaitza jartzeko.
Datorren zapatuan Madrilen jokatuko du Domusa Teknik ISBk, Alcobendasen kantxan.