Parkinsonaz luze-zabal aritu dira Portaleburun Guillermo Nuñez eta Nahiara Mugerza

Andoni Elduaien 2022ko urr. 1a, 09:00

Portaleburuko aulki guztiak bete zituzten herritarrek. (Andoni Elduaien)

Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko Guillermo Nuñez azkoitiarrak eta Deparkel Debabarrena Parkinson Elkarteko Nahiara Mugerzak eskaini zuten atzo arratsaldean hitzaldia. Gaur, 17:00etan hasiko da umeen lehen lasterketa solidarioa, eta hiru egingo dituzte 18:00etara bitartean. Ondoren hasiko da helduen lasterketa.

Gaur egingo dute IV. Azkoitiko Lasterketa Solidario Inklusiboa, eta herritarren ekarpenekin bildutako dirua parkinsonaren ikerketara bidaliko dute. Herenegun, osteguna, ireki zuten Portaleburu erakustokian lasterketari buruzko erakusketa, eta gune berean hitzaldia eskaini zuten atzo arratsaldean.

Gaixotasunaren inguruko informazioa jendartean zabaltzeko asmoz, Portaleburun izan ziren Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko Guillermo Nuñez azkoitiarra eta Deparkel Debabarrena Parkinson Elkarteko Nahiara Mugerza. Herritar ugari batu zen Portaleburun, eta horiek guztiek parkinson gaixotasuna zer den eta pertsonengan nola eragiten duen ezagutzeko aukera izan zuten adituen eskutik.

Lasterketak, arratsaldean

Gaurkoa"parkinsonaz sentsibilizatzeko festa" izatea nahi dute Ttipi-Ttapa atletismo taldeko kideek. 10:00etatik 16:00etara bitartean, dortsalak banatzen arituko dira Kontzejupean. 11:00etatik aurrera, Marea Urdinak eta Artxamendi topalekuak haurrentzako jolasak antolatuko ditu plazan, eta 12:00etatik aurrera, trikitilariak arituko dira herriko kaleak girotzen. 16:30ean, "festa giroa jartzeko", DJ animazioa izango da lasterketa inguruan

17:00etan hasita egingo dituzte haurren hiru lasterketak, eta 18:00etan, helduena. Haurren lehen lasterketa 2016. urtearen ondoren jaiotakoena izango da, eta horiek 400 metroko lasterketa egingo dute. Bigarren lasterketa 2015. urtetik 2013. urtera bitartean jaiotakoena izango da, eta horiek 800 metroko bidea osatu beharko dute. Haurren azken lasterketa, berriz, 2012 eta 2010 urteen artean jaiotakoena izango da; azken horiek 1.200 metro egin beharko dituzte. Helduen lasterketa, bestalde, 18:00etan abiatuko da, eta izena emandako herritarrek oinez edo antxintxika osatu beharko dituzte lasterketako lau kilometroak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide