Diego Garciaren omenezko Azkoitia-Azpeitia nazioarteko maratoi erdiak badu 2023ko data: martxoaren 25a. Antolatzaileek eman dute jakitera 30. edizioaren probaren eguna, eta edizio borobila izanik, azaldu dute aurreko edizio guztietan "bidelagun" izan diren guztiekin ospatu nahi dutela.
Beste urte batez, World Athletics erakundearen Label Road Races zigilua izango du maratoi erdiak. Xeye taldeak adierazi duenez, dagoeneko hasi dira datorren urteko lasterketa prestatzen: "Gure izaerari eutsi nahi diogu", gaineratu dute. Antolatzaileak datozen asteetan hasiko dira lasterketaren nondik norakoak jakinarazten, eta aurreratu dute urtea amaitu baino lehen zabalduko dituztela izen-emateak.
Iaz, Maxwell Kortek eta Caroline Jebet irabazi zuten XXIX. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia; azken atleta horrek, gainera, marka berria ezarri zuen —01:07:57 denbora egin zuen—.