Emakume soraluzetarraren hilketa matxista salatu dute herritarrek

Andoni Elduaien 2022ko ira. 28a, 18:44

Herriko plazan egin dute elkarretaratze isila arratsaldean. (Andoni Elduaien)

Azkoitiko Udalak egindako deialdiarekin bat egin du herritar talde batek, eta bost minutuko isilunea gorde dute joan den astean Benidormen ustez bere senarrak hil zuen 68 urteko emakume soraluzetarra gogoratzeko eta haren hilketa salatzeko.

Emakumeak aske eta bizirik nahi dituztela aldarrikatu dute hainbat azkoitiarrek gaur arratsaldean. Azkoitiko Udalak deituta, bost minutuko elkarretaratze isila egin dute herriko plaza nagusian, Benidormen (Herrialde Katalanak) ustez bere senarrak hil zuen Soraluzeko (Gipuzkoa) 68 urteko emakumea gogoratzeko eta haren hilketa salatzeko. Azkoitian indarkeria matxistaren aurka zioen pankarta eskuetan dutela elkartu dira udaletxe aurrean udal ordezkariak eta herritarrak.

Espainiako Poliziak joan den igandean aurkitu zuen emakumea labankadaz hilda Benidormeko bere etxean, eta hilketa hori salatzeko egin du erakundeak elkarretaratzea arratsaldean. Udalak "gaitzespenik irmoena" adierazi du hilketaren aurrean, eta "elkartasuna" helarazi die hildako emakumearen familiari eta gertukoei.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide