Domusa Teknik izango da Iraurgi SBren emakumeen lehen taldearen babeslea

Anartz Izagirre 2022ko ira. 28a, 12:51

Jon Ezama (ezkerrean) eta Ibon Guridi (eskuinean), Domusa Tekniken babesletzaren aurkezpenean. (Anartz Izagirre)

Momentuz hiru urterako sinatu dute babesletza hitzarmena, eta gaur, asteazkena, aurkeztu dituzte xehetasunak Domusa Teknikek Landetan duen egoitzan. Eskertuta agertu da Iraurgi SB taldeko kide Ibon Guridi, eta bi erakundeek "balio asko partekatzen" dituztela nabarmendu du.

Urria hastearekin batera, larunbat honetan hasiko dute liga Iraurgi SBren lehen taldeko emakumeek Azkoitian, eta LF Challenge ligan arituko da taldea beste urte batez. Itxuraldatuta hasiko dute, gainera, denboraldia; izan ere, babesle berria du taldeak: Domusa Teknik. Gaur, asteazkena, babesletza hitzarmenaren inguruko xehetasunak ematen izan dira bi erakundeetako ordezkariak Domusa Teknikek Landetan duen egoitzan, eta hiru urterako hitzarmena sinatu dutela nabarmendu dute.

Ibon Guridi ISBko kideak eta gazteen koordinatzaileak eskerrak eman dizkio Domusa Tekniki egindako apustuagatik, eta bi erakundeek "balio asko partekatzen" dituztela nabarmendu du. "Gugan sinesten duten jende askoren lanari esker aurrera goazen klub txiki bat gara, eta gure balioetako bat emakumeen kirola sustatzea da", adierazi du. Emakumeen lehen taldeari babesa ematea "neska jokalari gazteak babestea" dela ere azaldu du Guridik, talde nagusia "ispilua" delako haientzat, eta datuak ere eman ditu; hain zuzen ere, klubeko 400 umeetatik %70 emakumeak direla jakinarazi du.

Jon Ezama Domusa Teknikeko kideak, bestalde, Errezilgo eta Urola bailarako elkarteei laguntzeko duten "konpromisoa" nabarmendu du, eta ISBk egiten duen lana txalotu du. "Ikusten dugu gazteengan kirola sustatzeko ikaragarrizko lana egiten duela ISBk, eta guretzako balio handia du horrek", azaldu du. Era berean, Ezamak gehitu du joan diren urteetan ere lagundu izan dietela Iraurgi SBri, eta aurten, "jauzi bat egitea" erabaki dutela: "Ikusita emakumeen kirola gure balioetan ere sartzen dela, animatu egin gara ISBren lehen talde hau babestera".

Lehen partida, larunbatean

LF Challenge liga hasteko prest dago ISBren emakumeen lehen taldea, eta izen nahiz elastiko berriekin jokatuko dute lehen partida, Elkargunean. Recoletas Zamora izango dute aurkari lehen norgehiagokan, eta larunbatean, urriak 1, 17:00etan izango da partida.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide