Datorren astean, menpekotasuna duten pertsonen zaintzaileei zuzendutako hitzaldiak izango dira Elkarguneko Oteiza aretoan. Astelehenean eta asteazkenean izango dira saioak, astelehenekoa goizez eta asteazkenekoa arratsaldez. Azkoitiko Udaleko Gizarte Ongizate sailak antolatu ditu hitzaldiok Zaintzaileak zaindu! lelopean.
Iraia Agirregabiria psikologoak bideratuko ditu bi hitzaldiak. Astelehenean, 10:30etik 12:00etara bitartean eskainiko du saioa, eta asteazkenean, 18:00etatik 19:30era. Gaur egun, Matia Institutuan dihardu Agirregabiriak prestatzaile gisa zaintzaileentzako prestakuntza ikastaroetan, eta terapeuta gisa Sendian programan. Hitzaldietan, halaber, Sendian programaren baitan, zaintzaileentzako Azkoitian sortu nahi den laguntza-taldearen berri emango dutela ere jakinarazi du udalak.