Datorren larunbatean, urriak 1, egingo dute Azkoitiko IV. Lasterketa Solidario Inklusiboa, eta egun horren atarian, erakusketa eta hitzaldia antolatu ditu Ttipi-Ttapa atletismo taldeak. Ostegunetik larunbatera bitartean, erakusketa jarriko dute Portaleburu aretoan, eta ostiralerako hitzaldia antolatu dute leku berean.
Ttipi-Ttapa eutsi! lelopean egingo dute aurtengo lasterketa solidarioa, eta parkinson gaixotasunaren ikerketara bideratuko dute zapatuan bildutako diru guztia Ttipi-Ttapako lagunek, Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuaren gaixotasun neurodegeneratiboaren alorrera, hain zuzen. Gaixotasunaren inguruko informazioa jendartean zabaltzeko asmoz zabalduko dute erakusketa. Ostegunean eta ostiralean, 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik Portaleburu, eta larunbatean, lasterketa egunean, 10:00etatik 20:00etara.
Ttipi-Ttapa taldeak hitzaldia ere antolatu du aste honetarako. Gaixotasunaren inguruko informazioa jendartean zabaltzeko asmoz, ostiralean Portaleburun izango dira Biodonostia Osasun Ikerketa Institutuko Guillermo Nuñez eta Deparkel Debabarrena Parkinson Elkarteko Nahiara Mugerza. 18:30ean hasiko da hitzaldia, eta herritar orok izango du saioa bertatik bertara jarraitzeko aukera.
Azken egunak, izena emateko
Larunbateko lasterketan parte hartzeko izena eman beharko da aurrez, eta horretarako mahaiak jarriko dituzte antolatzaileek aste honetan ere. Portaleburu erakustokiaren aurrean jarriko dute mahaia; 17:00etatik 19:30era egongo dira plazan gaur eta etzi, osteguna. Hala eta guztiz ere, Azkoitiko Udalaren webgunean ere izena emateko aukera egongo da. Larunbatean, arratsaldean egingo dituzte lasterketak; 17:00etatik 18:00etara bitartean haurren hiru mailetako probak egingo dituzte, eta 18:00etan abiatuko da helduena.
Haurren kasuan, hiru euro ordainduta lasterketarako dortsala eta txapa jasoko dituzte. Halere, "berritasun modura", dortsalaz eta txapaz gain, kamiseta jasotzeko aukera ere izango dute haurrek zortzi euro ordainduta. Helduen lasterketan 2009. urtea baino lehen jaiotako herritarrek parte hartu ahalko dute, eta horiek hamar euro ordaindu beharko dute dortsala eta kamiseta aldez aurretik hartuz gero. Aldiz, lasterketarako materiala egunean bertan hartzea hamabost euro ordaindu beharko da.