Ostiralean, The Big Reset Movie dokumentala eskainiko du Azkoiti Aktiboa taldeak herriko plazan, 20:00etan hasita. Ikus-entzunezkoak COVID-19a eta horrek gizartean eragin dituen aldaketak ditu hizpide; izan ere, pandemia "aldaketa sozial garrantzitsuak egiteko aitzakia" izan dela azaltzen du dokumentalak.
Herritarrek doan ikusi ahal izango dute dokumentala. Ikus-entzunezkoan, genetistak, biologia molekularrean adituak, epidemiologoak, biokimikariak, abokatuak, kazetari ospetsuak zein Nobel saridunak, ekonomialariak eta geopolitikan adituak diren pertsonen adierazpenak bildu ditu dokumentalak.
Dagoeneko, mundu zabaleko hiri askotan eskaini dute dokumentala, eta hura ikusteko "aretoak gainezka" bete direla eta "ilara izugarriak" sortu direla nabarmendu dute antolatzaileek. "Sekulako arrakasta izan du, arrakasta itzela. Crowfoundign bidez finantzatu dute dokumentala; jendeak jendearentzat egina da, eta gaur egun munduan gertatzen ari den guztia ulertu ahal izateko funtsezkoa da. Zentsurarik gabeko informazioa jasotzeko aukera paregabea eskaintzen du dokumentalak", adierazi dute.