Baso Biziak plataformak Euskal Herriko zenbait txokotan egindako deialdiari erantzunez, hainbat lagunek ibai garbiketa egin dute gaur goizean Azkoitian. Urola Bizirik natur taldeak 10:00etarako zuen hitzordua jarria Altzibarko Anaitasuna plazan, eta eguraldiari bizkarra emanda, dozena inguru herritar bertaratu dira.
Materiala banatuta, Urola ibaiaren zati bat garbitzeari ekin diote horiek. Hain zuzen ere, Jausoro eta Altzibar lotzen dituen egurrezko zubiaren paretik Sidenor lantegiaren parera arteko zatian aritu dira hondakinak jasotzen. Gainera, ibaiaren ondoko guneetan ere bildu dute zaborra.
Baso Biziakek gaurko egindako deialdiaren helburuak hainbat dira, eta horietako batzuk dira, herritarren artean kontzientzia zabaltzea, ingurumenaren egoera ezagutaraztea eta bilketa egin ostean tokian tokiko erakunde publikoei zein URA agentziari ardurak eskatzea.