Larunbatean Urola ibaia garbitzeko deialdia egin du Urola Bizirik natur taldeak

Andoni Elduaien 2022ko ira. 20a, 09:18

Iaz, 'U30 Aldaketaldia' izeneko ekimenaren barruan garbitu zuten Urola ibaia. (Andoni Elduaien)

Baso Biziak plataformak egindako deialdiarekin bat egin du natur taldeak. Larunbatean, Altzibar auzoko Anaitasuna plazan elkartuko dira Urola Bizirikeko kideak eta hala nahi duten herritarrak. Jausoro eta Altzibar arteko egurrezko zubitik Sidenor enpresara bitarteko ibai zatia garbituko dute.

Baso Biziak plataformak ibai eta ingurumen garbiketa bateratua antolatu du Euskal Herriko hainbat herritan, datorren larunbatean. Eskualdeko eta herrietako natur taldeekin bat eginda, herritarren artean kontzientzia zabaltzea, ingurumenaren egoera ezagutaraztea eta zabor biltzea egin ondoren, tokian tokiko erakunde publikoei zein URA agentziari ardurak eskatzea nahi du plataformak.

Urola Bizirik natur taldeak bat egin du Baso Biziak plataformak egindako deialdiarekin, eta datorren larunbatean, irailak 24, Urola ibaiaren garbiketa egingo du Azkoitian. Hitzordua Altzibarko Anaitasuna plazan jarri dute 10:00etan. Natur taldeko kideez gain, herritar orok izango du garbiketan parte hartzeko aukera.

Natur taldeak jakinarazi du Jausoro eta Altzibar lotzen dituen egurrezko zubiaren paretik Sidenor enpresaren parera arteko ibai zatia garbituko dutela zapatuan. Garbiketa lanak egin ondoren, gainera, mokadutxoa egiteko aukera egongo da. Ibai eta ingurumen garbiketa nahiz behaketa eginda, bioaniztasunaren eta uraren kalitatearen behaketa ere egin nahi dute garbiketaren sustatzailek, gero erakundeen aurrean haiei dagozkien ardurak hartzea eskatzeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide