Oletan ere Ez! taldeak bilera irekia egingo du bihar, asteartea, Elkargunean. Zentral eolikoen aurkako taldeko kideak 19:00etan elkartuko dira han, eta egun taldea osatzen duten lagunek dei egin diete herritarrei bileran parte har dezaten. 20-30 lagun ari dira elkartzen azken bileretan, eta interesa duten norbanakoak gonbidatu dituzte biharko hitzordura; izan ere, han erabakiko du taldeak datozen hilabeteetan zer bide egingo duen.
Datozen asteetarako, ordea, beste hainbat ekintza zehaztuta ditu Oletan ere Ez! taldeak. Irailaren 28an, Antonio Aretxabala geologoak hitzaldia eskainiko du Elkargunean, 19:00etan. Nafarroako Unibertsitateko irakaslea da Aretxabala, eta Zaragozako Unibertsitateko geologoa. Subiranotasuna eta deszentralizazioa. Eolikoen burbuilaren marko berria izeneko hitzaldia gaztelaniaz eskainiko du hark Azkoitian.
Urriaren 12an, bestalde, zentral eolikoen aurkako Gipuzkoako zenbait talde eta plataforma Elosun elkartuko dira. Besteak beste, Zumarragako, Urretxuko, Usurbilgo, Zizurkilgo, Elgoibarko, Soraluzeko eta Azkoitiko plataformetako kideek eta herritarrek bat egingo dute han. Izan ere, herri horietan guztietan haize errotak jartzeko asmoa azaldu du Green Capital Development izeneko enpresak.