Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez, herrian dauden 3.280 luminarietatik 1.963 aldatu ditu, eta LED argiekin ordezkatu ditu. Erakundeak martxoan hasi zituen lanak, eta uda aurretik amaitu zituen. Haren arabera, argiteria berriak ahalbidetzen du argi-puntuak "ikuskatzea" eta aurrez programatzea, eta unean uneko beharretara egokitzen dira argi mailak. Era berean, sistema berriaren bidez "ahalik eta modu jasangarrienean" herri osoaren argiztapena planifika dezake orain udalak, izan ere, kontsumoaren eta kostu energetikoaren gaineko informazioa "ia denbora errealean" ematen baitu sistema berriak. Hain zuzen ere, argiteria berriaren eraginkortasunak %82,60raino aurreztea eragingo duela jakinarazi du erakundeak.
Egindako esku-hartzeak 959.308 euroko aurrekontua izan du, eta udalak Europako dirulaguntza jaso du lanak finantzatzeko. Era berean, egin berri dituen lanen bideoa kaleratu du udalak, eta han erakusten du herriko lehengo argiteriaren eta egungoaren arteko konparaketa.
Eraikinak argiztatu gabe
Bestalde, datozen egunetan udaletxea, Balda jauregia zein Intsausti jauregiak ez dituztela argiztatuko jakinarazi du udalak, Espainiako Gobernuak ezarri berri dituen neurrien eraginez. "Horretarako, egin beharreko lan teknikoak egiten ari dira egun hauetan, eta amaitu bezain laster, gauez ez da argirik piztuko aipatutako eraikinetan", azaldu du udalak.