Kontxako Bandera irabazi du Jon Unanuek Urdaibairekin

Anartz Izagirre 2022ko ira. 11a, 21:03

Unanue, erdiko lerroan eskuinetik lehena, garaipena ospatzen. (Argazkiak: Arnaitz Rubio)

Urdaibaik Kontxan irabazten duen seigarren bandera da aurtengoa, eta Unanue horietako lautan aritu da Bermeoko taldearekin. Joanes Balenziaga bigarren sailkatu da Donostiarrarekin.

Estropadetako altxorrik preziatuena bereganatzea lortu du Jon Unanue azkoitiarrak, Bermeoko (Bizkaia) Urdaibai taldearekin. Gaur, igandea, Kontxako Banderaren bigarren jardunaldia jokatu dute Donostian, eta bi azkoitiar aritu dira punta-puntako bi talderekin: Jon Unanue Urdaibairekin eta Joanes Balenziaga Donostiarra taldearekin. Garaipen gozoa erdietsi du, gainera, bietako batek. Izan ere, Urdaibaiko arraunlariak jaun eta jabe izan dira Kontxako Banderaren bigarren jardunaldian, eta Unanue parte den Bou Bizkaia-k, azken bandera irabazi eta sei urtera, bandera berriro irabaztea lortu du.

Balenziaga parte den Donostiarra taldeak ez du zorte bera izan, baina sailkapen nagusian bigarren amaitu dute donostiarrek. Lehen aldia zuen azkoitiarrak Kontxako Banderan talde harekin, eta zilarrezko postua erdiestea lortu dute.

Hona hemen 2022ko Kontxako Banderaren 2. jardunaldiko sailkapena eta sailkapen nagusia:

2. jardunaldia:

  • 1. Urdaibai. 19:36.02
  • 2. Donostiarra. 19:44.57
  • 3. Hondarribia. 19:58.57
  • 4. Zierbena. 20:03.48
  • 5. Orio. 20:04.48
  • 6. Kaiku. 20:04.78
  • 7. Getaria. 20:11.05
  • 8. Ondarroa. 20:12.76

Sailkapen nagusia:

  • 1. Urdaibai. 38:57.58
  • 2. Donostiarra. 39:13.83
  • 3. Hondarribia. 39:27.77
  • 4. Orio. 39:55.06
  • 5. Getaria. 39:56.03
  • 6. Zierbena: 40:01.96
  • 7. Kaiku: 40:23.08
  • 8. Ondarroa: 40:37.90
Erlazionatuak

Kontxa konkistatzea amets

Andoni Elduaien 2022 ira 10 Azkoitia

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide