Suizidioaren Prebentziorako Mundu Eguna izan zen atzo, eta, horren harira, Biziraun elkarteak antolatuta, ekitaldi bat egin zuten Donostian. Iñigo Antsorregi gidoilari gazteak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1994), ondu berri duen liburua izango du bertan hizpide: Nire minaren etxean. Argitaratzeko lana da oraindik, prozesuan dago. Bertan depresioak jota egon zen boladaz dihardu, eta bere buruaz beste egiteko izan zituen ideiez. Umorea tresna eta arnasa gisara hartuta ondutako lana da, bi hitzaurre dituena. Telmo Irureta aktorearena da bat; elbarritasun handi bat du, eta umorea akuilu duela dihardu maiz berak ere egoeraz. Beste aktore batek idatzia da bestea, Aitziber Garmendiak; umorearen bidez errealitateari eta emozioei zoli begiratzeko gaitasuna du hark ere, eta argi eta adorez mintzatu izan da, besteak beste, suizidioaz.
Gaiaren inguruko hainbat liburu "inspiragarri" leitu ostean hasi zen liburuarekin Antsorregi, aurrez murruak apurtuta: "2022 hasieran elkarrizketa bat eman nuen Biba zuek! programan [ETBko saioa; bertan ari da lanean], nahiko oihartzun izan zuen. Jende askok orduan jakin zuen zer gertatu zitzaidan".
Nola idatzi zenuen liburua?
Justu langabezian geratu nintzen, eta horrekin okupatu nuen denbora. Hilabetean idatzi nuen. Maiatzaren hasieran hasi eta...
Hustu egin zinen...
Erabat. Oso azkar joan den gauza bat izan da. Ez dakit barneratzeko denborarik ere eman didan oraindik. Idatzi hilabetean, argitaletxera bidali, baiezko erantzuna ere oso azkar jaso nuen... Gero, gainera, ikaragarrizko suertea izan nuen gai hauetan niretzat erreferente diren Telmo Iruretak eta Aitziber Garmendiak berehala eman zidatelako hitzaurreak idazteko baiezkoa. Gorputzak eskatzen zidan liburua ez izatea neurea bakarrik; beraiek, era batera edo bestera, egotea nahi nuen... Horiek horrela, gustatzen zait brometan esatea hitzaurreak zoragarriak direla; gero liburua beheraka doa... [kar, kar, kar].
Depresioarekin egin zenuen boladako bizipenak? Horren gaineko gogoetak? Zer kontatzen ahalegindu zara liburuan?
Oso modu indartsuan hasten naiz... Hain zuzen ere, grabatu nuen agur bideo bat transkribatzen. Ezabatu nuen justu liburua idazten hasi nintzenean...
Agur bideo bat, zeure buruaz beste egitekotan zenbiltzalako?
Hori da, liburua horrekin hasten da, eta behin sarrera hori hartuta, bueltatzen naiz gero hasierara, pixka bat ikusteko horren guztiaren detonatzailea zein izan zen. Nik ere ez daukat batere argi. Badauzkat ideia batzuk: nola nengoen oso estresatuta, eta horrek nola eragin zidan, eta ahots bat nola azaltzen den, esaten didana: "Hil zaitez. Hemen sobera zaude. Ez duzu ezertarako balio". Halako gauza politak esaten zizkidan. Depresioarekin bizitako horren guztiaren kontakizuna da liburua. Niretzat ariketa bat izan da hori egitea ahalik eta umore handienarekin... Horretan oso pozik nago; lortu dudala uste dut. Irakurleek esan beharko dute. Baina ni pozik nago ariketarekin.
Zein izan ziren zure heldulekuak gaitza atzean uzteko?
Familiaz eta lagunez gain, izan ziren osasun mentaleko profesionalak. Psikologoak, psikiatrak... Medikamentuak ere hor daude. Nik ez dut esango gehien medikamentuek lagundu zidatenik; momentu askotan kalte ere egin zidaten... Baina, batik bat, terapia. Zer gertatzen da? Oso baliabide gutxi daude. Nik, adibidez, sare publikoan, Osakidetzan, hiru hilabetean behin nuen txanda. Eta gaur egun, sare sozialetan-eta, leitu diot jendeari, laguntza eskatzeko pausoa eman, eta txanda eman diotela sei hilabetera... Nik suertea izan dut; gertuan laguntza ematen jendea izan dut, eta terapia pribatua eskuratzeko modua ere bai. Baina egongo da jendea ez dituena ez bat eta ez bestea.
Alde horretatik, antzeko esperientziak izan dituen jendearen ahotsa ere lagungarria da, ezta?
Bai, niri ere, momentu jakin batean asko laguntzen zidan horrek. Ikustea beste batzuei zer gertatu zitzaien: zer ari zitzaien gertatzen. Pentsatzen nuen: "Ez nago bakarrik". Mezu hori oso indartsua da. Niri horrek lagundu zidan, hein batean, ur sakonetatik irteten.
Berria egunkariak argitaratutako elkarrizketa. Irakurri osorik.