Anaitasuna, berdeguneetara bueltan

Andoni Elduaien 2022ko ira. 8a, 08:23

Julen Aramendi, Lagun Onaken aurka denboraldiaurrean jokatutako lagunartekoan. (Anaitasuna)

Larunbatean ekingo diote ligari Anaitasunaren gizonen zein emakumeen taldeek. 16:30ean hasita, Txerloia futbol zelaian jokatuko dute Euskal Ligan jokatuko duten emakumeek ligako lehen partida; Leioako Emakumeak izango dute aurkari. Aldiz, Pasaiako (Gipuzkoa) Jesus Mari Zamora zelaian jokatuko dute gizone, etxeko taldearen aurka. Futbol talde askotan gertatu ohi den moduan, Anaitasunan ere aldaketa bat baino gehiago izan dira uda sasoian.

Bueltan da futbola, eta euskal ligetan diharduten Anaitasunaren lehen futbol taldeak asteburuan itzuliko dira berdeguneetara. Gizonen artean, Xabi Artetxe entrenatzaileak zuzentzen duen gizonen taldeak Espainiako Hirugarren RFEF mailan jokatuko du aurten ere. Emakumeen Euskal Ligan arituko da beste urte batez Anaitasunaren emakumeak lehen aldiz zuzenduko dituen Mikel Barqueroren taldea. Bi taldeek etzi, larunbata, ekingo diote liga txapelketari, 16:30ean hasita. Emakumeen taldeak Leioako Emakumeak taldea izango du aurkari Txerloia futbol zelaian, eta gizonek Pasaiako Jesus Mari Zamora zelaian jokatuko dute Pasaiaren aurka.

Gizonen Espainiako Hirugarren RFEF liga aurreko urtekoa baino gogorragoa izango da; izan ere, iaz hogei talde baziren, aurten hamasei taldera murriztu dute liga, eta beraz, zortzi partida gutxiago izango ditu Anaitasunak bere helburuak betetzeko. Aurreko denboraldian, hamargarrena izan zen Xabi Artetxeren taldea, eta postu hori hobetzeko asmoz ekingo diote gizonek sasoi berriari.  

Gorritxoek iaz taldean izan zituzten jokalari gehienei eutsi diote, baina gainerako futbol taldeetan udan izan ohi diren bezala, izan dira bajak eta fitxaketak Anaitasunan ere. Aurreko denboralditik hamalau jokalarik jarraitzen dute gorritxoekin. Guztira, bost gizonek utzi dute taldea –Ander Rementeria, Mikel Agirre, Jon Letamendia, Mikel Azkoiti eta Axi Ugarte–, eta bost fitxaketa egin ditu Azkoitiko taldeak: Ander Pastrian aurrelari azkoitiarra, Gorka Masach atezaina, Jon Iglesias erdilaria, Mohamed Gourmat erasoko jokalaria eta Jonma Vega ezker hegaleko atzelaria. Gainera, Julen Olaizola, Oihan Etxaniz eta Aimar Guembe lehen taldeko jokalari izatera igaro dira aurten. Entrenatzaile taldean ere aldaketak egin ditu Anaitasunak. Xabi Andreu izango da aurrerantzean Artetxeren entrenatzaile laguntzailea eta Axel Alkorta atezainen entrenatzailea.

Ainhoa Galarraga, Tolosaren aurka denboraldiaurrean jokatutako partidan. (Anaitasuna)

Emakumeen Euskal Ligan, berriz, hiru talde gehiago izango dira aurten Anaitasunarekin lehian, eta hori horrela, goiko postuengatik borroka egiteko puntu gehiago izango dituzte jokoan azkoitiarrek. Azkoitiarrena talde indartsuenetako bat izan zen 2021-22 denboraldian; izan ere, mailaz igo zen Eibar B taldearen ondoren, bigarren postuan sailkatu zen Anaitasuna. Uda honetan, ordea, aldaketa bat baino gehiago izan dira taldean, entrenatzaile taldetik hasita. Gorka Zubizarreta entrenatzaileak utzitako postua beteko du orain Mikel Barquero entrenatzaile azkoitiarrak. Harekin batera osatuko dute entrenatzaile taldea Kepa Orbeak, Mikel Antsorregik, Xabier Garatek eta Peru Portalok.

Aldaketak izan dira, era berean, taldean. 11 jokalarik utzi dute Anaitasuna –Oihane Ucin, Miren Odriozola, Irantzu Albizuri, Jone Larrañaga, Maialen Agirre, Eneritz Garate, Paula Kalzakorta, Oihana Aranbarri, Eneritz Jauregi, Jone Sudupe eta Intza Zendoia–. Hala eta guztiz ere, hamalau jokalarik jarraitzen dute aurreko denboralditik gorritxoekin, eta lau emakumerekin indartu dute taldea: Aretha Azkue, Edurne Aldaia eta Oihane Suinaga batu dira taldera, eta June Diaz kadete mailatik lehen taldeko jokalaria izatera igaro da. Halaber, kadete mailako Naira Uria, Arette Egiguren, Ane Arrizabalaga, Lierni Piris eta Ane Zulaika ere lehen taldeko dinamikan arituko dira aurten.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide