Zabaldu dute Azkoitiko 3x3 Futbol Festarako izen-ematea

Andoni Elduaien 2022ko ira. 6a, 12:24

Euriagatik Oteiza frontoietan egin zuten iaz futbol festa.

Urriaren 29tik azaroaren 1era bitartean ospatuko dute Azkoitian 3x3 Futbol Festa. Ohi bezala, inguruko herrietako neska mutilek parte hartu ahalko dute Azpeitia Cup taldeak antolatzen duen festan. Urriaren 9an itxiko da izena emateko epea, eta aurten 2011 eta 2018 urteen artean jaiotako haurrek eman ahalko dute izena. 

Azpeitia Cup taldeak atzo, astelehena, zabaldu zuen Azkoitiko 3x3 Futbol Festan izena emateko epea. Urriaren 29tik azaroaren 1era bitartean jokatuko dituzte futbol partidak herriko plazan, eta aurtengo ikasturtea HH4 eta LH6 mailen artean egingo duten neska-mutilek parte hartu ahalko dute bertan. Urriaren 9an itxiko dute izena emateko epea.

Antolatzaileek Azkoitiko eta Azpeitiko parte hartzaileei eskatu diete izen-ematea Azkoitiko Plaza Berri Sport dendan edo Azpeitiko Ufito Haur Moda dendan egiteko. Gainerako herrietako parte hartzaileek, aldiz, Azpeitia Cup taldearen webguneko formularioa bete ahalko dute inskripzioa egiteko. Antolatzaileek adierazi dutenez, izena ematean 12 euro ordaindu beharko dira jokalari bakoitzeko.

Azken urteetan bezala, Azkoitiko, Azpeitiko, Errezilgo, Zestoako, Zumaiako, Getariako, Zarauzko, Zumarragako, Urretxuko eta Legazpiko neska-mutilek izango dute futbol festan aritzeko aukera. Taldeak sei jokalarik osatutakoak izango dira gehienez, eta antolatzaileek banatuko dizkiete taldekide horiei partidetarako elastikoak eta oroigarriak; izan ere, antolakuntzak emandako kamiseta horrekin jokatu beharko dituzte haurrek futbol festako partida guztiak. Gainera, izena taldean zein banaka emateko aukera izango dute parte hartzaileek, eta jokalariren bat talderik gabe baldin badago, antolatzaileek osatuko dituzte taldeak izena banaka emandako jokalariekin.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide