Oletan ere Ez! taldeak ostiraletan sinadurak biltzeko mahaia jartzeari utziko dio

Ane Olaizola 2022ko ira. 2a, 10:27

Oletan ere Ez! taldearen bilera, atzo, Elkargunean. (Oletan ere Ez!)

25 bat lagun bildu ditu taldearen azken bilerak, eta aurrera begirako asmoez hitz egin dute taldekideek. Orain arte, herritarren 1.000 atxikimendu inguru jaso dituzte, eta sinadurak biltzen jarraituko dute.

Oletan ere Ez! taldeak bilera irekia egin zuen atzo, osteguna, aurrera begirako asmoez hitz egiteko. 25 bat lagun bildu ziren taldearen bileran, eta datozen hilabeteetan hainbat egitasmo antolatzeko asmoa dutela aurreratu dute taldekideek, oraindik zehaztu gabe badituzte ere.

Sinadura bilketari dagokionez, taldeak, orain arte, 1.000 atxikimendutik gora jaso ditu Capital Energy enpresa Oleta mendian gauzatzekoa den aerosorgailuen proiektuaren kontra. Herritarren sinadurak biltzen jarraituko dute aurrerantzean ere, baina ostiraletan ez dute mahairik jarriko kalean. Beraz, inork sinatu nahi badu, taldeko kideekin harremanetan jarri beharko da. 

Taldeak gogoratu du bere hasierako helburua izan dela herritarrak Oletako aerosorgailuen proiektuaren gainean informatzea. Hain zuzen ere, azpimarratu du ez daudela, bere horretan, energia eolikoaren aurka, baizik eta enpresa multinazionalek haize errotak mendietan jartzea dela salatzen dutena: "Aerosorgailuak mendian jartzean, besteak beste, pistak eraiki behar dira, eta ingurune naturala industrializatzen da. Gainera, enpresa multinazionalak bere interes ekonomikoen alde jardungo du, ez ekologiaren interesean".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide