Lagun Onakek irabazi du Txerloian denboraldiaurreko derbia

Andoni Elduaien 2022ko ira. 1a, 08:37

Aurten fitxatu duen Mohamed Gourmat, Lagun Onakeko aurkari baten aurrean. (I. Soraluze/Anaitasuna)

1 eta 2 irabazi zuten atzo azpeitiarrek Txerloian. Anaitasunak Ander Arabaolazaren golari esker aurrea hartu bazuen ere, Lagun Onakek atsedenaldira iritsi aurretik irauli zuen markagailua. Fitxaketa baten berri ere eman zuen atzo Anaitasunak. Gizonen talderako Jonma Vega atzelaria fitxatu du.

Anaitasunaren gizonen lehen taldeak 1 eta 2 galdu zuen atzo, asteazkena, Txerloian Azpeitiko Lagun Onak futbol taldearen aurka jokatutako lagunartekoa. Denboraldiaurreko laugarren neurketa zuen Xabi Artetxe entrenatzailearen taldeak, baina ezin izan zuten derbia irabazi.

Anaitasunak partida hasi eta berehala hartu zuen aurrea. Ander Arabaolaza denboraldiaurreko taldeko golegile nagusiak jarri zituen gorritxoak aurretik. Hala eta guztiz ere, segituan iritsi zen Lagun Onaken berdinketaren gola, eta atsedenaldira iritsi baino lehen markagailua iraultzea lortu zuten azpeitiarrek.

Bigarren zatian, lehen zatiaren antzera, pareko neurketa jokatu zuten, baina gola lortzeko abagune garbienak azpeitiarrenak izan ziren. Denboraldiaurreko neurketa izanagatik, jende asko hurbildu zen Txerloira, azkoitiarren eta azpeitiarren arteko lehiak beti izaten baitira erakargarri. Hurrengo derbia Azpeitiko Garmendipe zelaian jokatuko dute, orduan ligako partida. Hain zuzen ere, abenduko lehen asteburuan jokatuko dute Garmendipen. Ligako bigarren itzuliko partida jokatuko dute, berriz, Txerloian, 2023ko apirileko lehen asteburuan.

Honako lotura honetan ikus daitezke atzo Anaitasunako arduradunek ateratako argazki guztiak.

Bosgarren fitxaketa

Atzo, Anaitasunak gizonen lehen talderako egin duen bosgarren fitxaketaren berri eman zuen sare sozialen bidez. Taldeak Jonma Vega fitxatu du, Zumarragako atzelaria. 29 urte ditu eta jokalariak son handiko taldetan jokatu du bere ibilbidean, besteak beste, Realean, Beasainen, Sestao Riverren, Alavesen eta Arenasen.

Hain zuzen, iaz, Bigarren RFEF mailako Arenas taldean aritu zen Vega; Anaitasunan urte luzez aritutako Mikel Arzalluz azkoitiarra izan zuen taldekide han. Mailaz igotzeko play-offak jokatu zituen Bizkaiko taldearekin zumarragarrak, baina ez zuen Lehen RFEF mailara igotzerik lortu. Vegak Anaitasunako atzeko lerroa sendotuko du datorren denboraldian.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide