Realak eta Alavesek emakumeen Euskal Herria Kopako finala jokatuko dute igandean, Txerloian

Andoni Elduaien 2022ko abu. 30a, 13:47

Martin, Lete, Zurutuza, Ibarburu eta Urdapilleta, Elkargunean egin duten aurkezpenean. (Andoni Elduaien)

Igandean, 16:00etan jokatuko dute partida Txerloia futbol zelaian Realaren eta Alavesen emakumeen lehen taldeek. Sarrerak dagoeneko eskuratu daitezke Euskal Herria Kirola erakundearen webgunean, 8 euroren truke. C.D. Anaitasuna futbol taldeko bazkideek eta 14 urtetik beherako jarraitzaileek doan eskuratu ahal izango dute neurketarako sarrera.

Igandean, emakumezkoen goi mailako futbol partida ikusteko aukera izango da Azkoitiko Txerloia futbol zelaian. 16:00etatik aurrera, Realaren eta Alavesen lehen taldeek XII. Euskal Herria Kopako finala jokatuko dute. 90 minutuko partida izango da, eta berdinketaren kasuan ez dute luzapenik jokatuko; kasu horretan, penalti jaurtiketen bitartez ebatziko dute aurtengo txapelduna.

Finala hasi baino lehen, ordea, Sorkunde Garate eta Ibon Orbea azkoitiarrak omenduko dituzte eta bien artean ohorezko sakea egingo dute. Emakumeen futbolaren arloan egindako lana aitortuko diete Garateri eta Orbeari Realak, Alavesek, Anaitasunak, Euskal Herria Kirol erakundeak eta udalak.

Joan den asteburuan jokatu zituzten txapelketako finalerdiak: Realak 3 eta 1 menderatu zuen Athletic Tolosan (Gipuzkoa), eta Alavesek 0 eta 3 irabazi zion Eibarri Elgoibarren (Gipuzkoa). Euskal Herria Kirolak erakundeak hamabigarrenez antolatu du txapelketa, aurten bi fasetan banatuta. Alde batetik, Iberdrola Ligako taldeak aritu dira, eta bestetik, Nazional Ligako taldeak. Iberdrola Ligako taldeen txapelketaren finala jokatuko dute igandean Azkoitian, eta lehian nor baino nor gehiago aritu dira Reala, Athletic, Alaves eta Eibar. Kike Zurutuza Euskal Herria Kirolak erakundeko ordezkariak adierazi duenez, Osasunak ere "prestutasun osoa" agertu du kopa jokatzeko, baina Eibarren eta nafarren artean egindako zozketaren ondoren, Eibarrek izan du lehiatzeko aukera.

2009. urtean jarri zuten abian Euskal Herria Kirola erakundea, eta harrezkero, txapelketak antolatzen dituzte urtero. Zurutuzak xehetu ditu erakundeak dituen asmoak. "Txapelketa hauek bi helbururekin antolatzen dira: bata, Euskal Herria kirol esparru bezala jorratzeko, eta bestea, euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzeko. Aurten, bi zatitan banatuta egin behar izan dugu txapelketa, baina gure asmoa da behetik gorako Euskal Herri osoko txapelketa bat antolatzea".

Joseba Ibarburu Realeko lehendakariordeak adierazi du Realarentzat "plazera" dela Azkoitian jokatzea. "Reala askotan etorri izan da Azkoitira lagunartekoak eta lehiaketako partidak jokatzera, azken urteetan askotan mutilak aritu izan dira Txerloian. Oraingo honetan, ordea, emakumeen lehen taldea arituko da. Finalera iristea taldearen prestaketarako oso pozgarria da". Hala eta guztiz ere, Ibarburuk nabarmendu du "denboraldiaurre korapilatsua" ari dela izaten Realarentzat; izan ere, taldeko jokalari asko selekzioekin aritu dira txapelketak jokatzen duela gutxi arte. "Oraindik jokalarien faltan gaude. Batzuk etorri zaizkigu, baina beste batzuk joan egin dira FIFA egutegiagatik". Hala eta guztiz ere, "partida irabaztera" etorriko direla azpimarratu du lehendakariordeak.

Elene Lete Realeko atezaina da, eta zumarragarra Espainiako selekzioak deitu zuen 20 urtez azpikoen Munduko Txapelketa jokatzeko. Txapelketari balioa eman nahi izan dio atezainak, eta horrelako txapelketek emakumeen futbola sustatzen jarraitzeko balio dutela nabarmendu du. "Euskal Herria Kopako finala Txerloian jokatzea puntu berezia da; izan ere, Urola taldearekin eta Realarekin partida batzuk jokatu ditut dagoeneko Azkoitian. Jendea emakumeen partidak ikustera etortzea garrantzitsua da", adierazi du.

Azkoitiko Udalarentzat "oso pozgarria" da horrelako final bat Txerloian jokatzea. Hala adierazi du Angel Martin Kirol zinegotziak: “Partida interesgarria eta polita izango da, eta herritarrei partida ikustera joateko esan nahi diet. Azkoitiko Udala beti egongo da prest horrelako partidak antolatzen laguntzeko. Zorte onena opa diet bi taldeei". Bestalde, Pedro Urdapilleta Anaitasunako presidenteak jakinarazi du "urte dezente" zeramatzatela harremanetan Euskal Herria Kirola elkartearekin, herriko futbol taldeak Euskal Herria Kopako partidaren baten "antolakuntzan parte hartzeko asmoa aspalditik" izan baitu. "Aurten, lortu dugu partida bat Txerloian jokatzea, eta gainera, final bat izatea balio erantsi garrantzitsua da guretzat".

Sarrerak eta zozketak

Sarrerak salgai daude Euskal Herria Kirolak erakundearen webgunean, 8 euroren truke. Partida egunean ere eskuratu ahal izango dira Txerloiako leihatilan. Hala eta guztiz ere, C.D. Anaitasuna futbol taldeko bazkideek eta 14 urte baino gutxiago dituzten herritarrek doan eskuratu ahal izango dute sarrera. Igandeko partida sustatu nahi dute antolatzaileek, eta jakinarazi dute zozketa egingo dutela partidan. Partida futbol zelaian zuzenean ikusi nahi dutenen artean zozketarako txartelak doan banatuko dituzte; Realaren zein Alavesen kamisetak, Abaraxka aterpetxean gau bateko egonaldia eta Otarre jatetxean bi lagunentzako bazkaria zozkatuko dituzte. Halaber, ETB1ek zuzenean eskainiko du Txerloiako finala.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide