Mikel Aranbarrik ezin izan du 50. Dinastia Etxabeko txapela lortu

Nerea Uranga 2022ko abu. 26a, 17:44

Mikel Aranbarri azkoitiarra 50. Dinastia Etxabe txapelketako jubeniletako finala jokatzen, atzo, Zumaiako Aitzurin. (Argazkia: Arnaitz Rubio Aprea)

Pilotari azkoitiarrak, Bernaolarekin bikotea osatuta, galdu egin du jubenilen mailako finala.

Atzo iluntzean jokatu ziren Zumaiako Aitzuri pilotalekuan 50. Dinastia Etxabe pilota txapelketako finalak. Azkoitiko Oteiza pilota elkarteko Mikel Aranbarrik eskuz jubenilen mailako txapela jokatu zuen, Bernaolarekin bikotea osatuta, Apezetxearen eta Peñalverren aurka. Ezin izan zuen, ordea, pilotari azkoitiarrak txapela etxeratu, 19 eta 22 galduta. Lau pilotariek gogotik lehiatutako goi mailako partida on eta gustagarria jokatu, eta 635 pilotakadako norgehiagoka eskaini zuten.

Eskuzko jubenil mailako partidaren markagailu ibilbidea honakoa izan zen: 5-0, 5-1, 8-1, 8-6, 9-6, 9-8, 12-8, 12-11, 13-11, 13-12, 15-12, 15-15, 16-15, 16-18, 18-18, 18-20, 19-20 eta 19-22 Apezetxea eta Peñalverren alde.

Aranbarrik zortzi tanto egin zituen eta bost galdu; Bernaolak, berriz, bat egin eta zazpi galdu.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide