Txikia IV. nagusi, Aizkolarien Urrezko Kopan

Maialen Etxaniz 2022ko abu. 16a, 09:23

Txikia IV., Aizkolarien Urrezko Kopa irabazi berritan. (Ibon Errazu)

Atzo jokatu zen Aizkolarien Urrezko Kopa Donostiako Trinitate plazan, eta azkoitiarra aise nagusitu zen Iker Vicenteren eta Mikel Larrañagaren aurrean, hamalau kanaerdikoak 33 minutun eta lau segundon moztuta. Alberdik aurrenekoz eskuratu du Aizkolarien Urrezko Kopa. 

Julen Alberdi Txikia IV da Aizkolarien Urrezko Kopako txapeldun berria. Azkoitiko aizkolariak nagusitasunez irabazi zuen atzo Donostiako Trinitate plazan jokatu zen Aizkolarien Urrezko Kopa, Mikel Larrañagaren eta Iker Vicenteren aurrean aise gailenduta. Atzokoan hamalau kanaerdiko ebaki behar izan zituzten kopa jokatzeko txartela eskuratuta zeukaten bost aizkolariek. Hain zuzen, nor baino nor aritu ziren Txikia IV.a, Mikel Larrañaga, Iker Vicente, Hodei Ezpeleta eta Aitzol Atutxa. 

Azkoitiarrak 33 minutu eta lau segundo behar izan zituen lan guztiak amaitzeko, bigarren postua eskuratu zuen Iker Vicenteri 48 segundoko aldea aterata. Hirugarren sailkatu zen iazko txapelduna, Mikel Larrañaga, lanak 35 minutun eta 23 segundon amaituta. Horrenbestez, Txikia IV.ak aurrenekoz altxatu zuen aizkolarien urrezko kopa atzokoan.

Hona hemen sailkapena:  

1. Julen Alberdi 33:04

2. Iker Vicente 33:52

3. Mikel Larrañaga 35:23

4. Hodei Ezpeleta 39:05

5. Aitzol Atutxa 43:38

(Argazkiak: Ibon Errazu)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide