Goenatxo III.a nagusi, Gipuzkoako txinga txapelketan

Julene Frantzesena 2022ko abu. 11a, 09:52

Goenatxo III.a atzo txingak eramaten Aiako pilotalekuan.

Jon Unanue Goenatxo III.ak aurretik iaztik berea zuen titulua berretsi zuen atzo Aiako pilotalekuan. Bederatzi plaza osatu zituen, bigarren sailkatu zen Urrestik ere bai, baina azkoitiarrari distantzia gutxixeago falta zitzaion hamargarren plaza egiteko.

Aiako jaietako azken eguna izan zen atzokoa, eta herri kirol jaialdia izan zen pilotalekuan. Goraino bete ziren harmailak, Gipuzkoako ingude, txinga eta kintopeko harri jasotze txapelketak ez ezik, punta-puntako bi aizkolariren –Mikel Larrañaga eta Iker Vicente– erakustaldia ere izan baitzen.

Lehiek sortu zuten saltsa, eta txinga txapelketa estu-estua izan zen. Dena den, Jon Unanue Goenatxo III.ak aurretik iaztik berea zuen titulua berretsi zuen: Gipuzkoako txinga txapelketan azkoitiarra nagusitu zen, bederatzi plaza osatuta. Urresti izan zen bigarren –bederatzi plaza egin zituen hark ere–, Goenatxo III.ak baino distantzia handixeagoa falta baitzitzaion hamargarren plaza egiteko. Urkiza, berriz, hirugarren sailkatu zen, bost plaza eginda.

Honako lotura honetan ikus daiteke atzoko herri kirol erakustaldiko argazki bilduma.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide