Andremarien atarian, udal ordezkariek, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak bilera egin dute gaur, asteartea. Javier Zubizarreta alkatea buru dela egin dute bilkura, eta Ertzaintzako nahiz Udaltzaingoko arduradunek festetarako aurreikusita duten zaintza eta segurtasun operatiboaren inguruko hainbat kontu izan dituzte hizpide. Haiek azaldu dutenez, "edozein motatako istiluak eta delituak saihestea eta ahal den neurrian normaltasuna bermatzea" dira helburuak.
Gainera, udaleko Berdintasun Sailak Ertzaintzari eskatu dio "beharrezkoak" diren ahaleginak eta baliabide pertsonalak nahiz teknikoak bideratzeko indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta emateko. Berbiktimizazioa saihesteak eta emakumeei kalitatezko arreta eskaintzeak duten garrantzia ere izan dute hizketagai bileran.