Ander Pablos eta Ander Matas azkoitiarrak nagusi beren mailan, taldekako Cierzo Fitness Challenge txapelketan

Julene Frantzesena 2022ko abu. 8a, 14:58

Zaragozan lehiatu diren Azpeitiko crossfit zentroko kideak.

Bi azkoitiar horiek erdi mailako (Intermedio izenekoa) txapelketan lehiatu ziren asteburuan Zaragozan, Nestor Hernandez tolosar eta Lierni Osa zarauztar taldekideekin batera. Azpeitiko crossfit zentroko beste bi talde ere aritu ziren lehian, eta horiek ere podiumera igotzea lortu zuten.

Azpeitiko Crossfit zentroko hainbat kidek emaitza ezin hobeak lortu dituzte asteburuan Zaragozan izan den Cierzo Fitness Challenge txapelketan. Hamabi kirolarik parte hartu zuten taldekako lehietan, eta erdi mailako (Intermedio izenekoa) txapelketan lehen postuan sailkatu ziren Ander Pablos eta Ander Matas azkoitiarrak, Nestor Hernandez tolosarra eta Lierni Osa zarauztarra.

Maila bereko bigarren postua ere Azpeitiko talde batentzat izan zen; hain zuzen ere, Unai Zubizarreta eta Jakes Gurrutxaga azpeitiarrek nahiz Jon Zuloaga eta Ane Illarramendi azkoitiarrek osatutako taldearentzat izan zen podiumeko bigarren lekua.

RX mailan, erdi maila baino bat goragokoan, ere izan zen Azpeitiko crossfit zentroko ordezkaritza, eta lan ezin hobea egin zuten horiek ere; izan ere, Joanes Otamendi, Aitzol Galarraga eta Ander Arteaga azpeitiarrek zein Erika Sanchez zarauztarrak bigarren postua eskuratu zuten.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide