Pakistandarren komunitateko kideek gaur, larunbata, ekin diote Azkoitiko III. Boleibol Txapelketari, eta giro ederrean igaro dute lehen jardunaldia. Xabier Munibe Ikastolako pilotalekuan elkartu dira txapelketan parte hartu duten lau taldeak. Hain zuzen, Azkoitiko bi talde eta Arrasateko (Gipuzkoa) eta Aguraingo (Araba) talde bana aritu dira nor baino nor, haien tradizio den boleibol modalitatean. 14:00ak aldera hasi da txapelketa, eta talde guztiek elkarren aurka jokatu dute gaurkoan, hau da, guztiek guztien aurka. Kirolaz gozatu ez ezik, elkartzeko eta elkarrekin egoteko aprobetxatu dute hitzordua, eta giro paregabean igaro dute arratsaldea.
Bihar, igandez, jokatuko dute txapelketaren bigarren jardunaldia, eta azken partidak amaitzean sari banaketa egingo dute. Azkoitiko Udako ordezkariek banatuko dizkiote sariak talde txapeldunari, txapeldunordeari eta txapelketako jokalari onenari.
Azkoitiko II. Boleibol Txapelketa herriko taldeak irabazi zuen, eta aurten txapeldunaren tituluari eustea nahi dute. Azken asteetan asko entrenatu dutela azaldu dute Azkoitiko taldeko kideek, eta gaurko jardunaldian ondo moldatu dira. "Aurten ere irabaztera goaz; ea lortzen dugun", adierazi dute.