Festak "errespetuz" eta "emakumearen askatasuna murriztu gabe" ospatzeko deia egin du udalak

Anartz Izagirre 2022ko abu. 4a, 12:40

Azkoitiko udal ordezkariak, jaietarako prestatu dituzten prebentzioko txartel-zorroekin eta kartelarekin. (Azkoitiko Udala)

Prebentzio eta Berdintasun arloaren bitartez bilerak egin dituzte udal ordezkariek Udaltzaingoarekin, tabernariekin zein txosnetako arduradunekin, festetan gerta daitezkeen erasoen aurrean nola jokatu eztabaidatzeko. Bestalde, hilaren 14an, 16an eta 18an SexuBizi zerbitzua eskainiko dute, "genero erasoen aurkako babes gunea". Leku berean drogen kontsumoak eragiten dituen arriskuak prebenitzeko gunea ere izango da.

Astebete pasatxo besterik ez da falta andremariak hasteko, eta festen atarian Azkoitiko Udalak jaiak "errespetuz" eta "emakumearen askatasuna murriztu gabe" ospatzeko deia egin die herritarrei. Mertxe Zubillaga udaleko Berdintasun zinegotziak azaldu duenez, udako festek "prebenitu beharreko jokabideak areagotzen" laguntzen dute, eta horren aurrean, hainbat eragilerekin bildu direla nabarmendu du: "Udalean modu koordinatuan lanean ari gara eragile ezberdinekin, denok eskura eta argi izan ditzagun jarraibideak eta kontuan hartu beharreko irizpideak eraso matxista, ziztada edota drogen gehiegizko kontsumoaren aurrean". Zeregin horren helburua "festak errespetuz eta emakumearen askatasuna mugatu gabe bizitzea" dela nabarmendu du zinegotziak.

Hain zuzen ere, Prebentzio eta Berdintasun arloaren ekimenez, hainbat bilera egin ditu erakundeak, eta gaur, osteguna, Javier Zubizarreta alkatea zein udal ordezkariak Udaltzaingoarekin, tabernariekin zein txosnetako arduradunekin bildu dira erasoen aurrean nola jokatu beharko litzatekeen eztabaidatzeko. Bilera horietan hainbat gai jorratu dituzte; esaterako, erasotutako emakumeei zer-nolako arreta eskaini azaldu dute, eta beste hainbat ideia orokorrez ere aritu dira hizketan. Honakoa azaldu du Berdintasun zinegotziak: "Garrantzitsuena da ez epaitzea eta bere hitza zalantzan ez jartzea. Ez da bakarrik utzi behar, eta hala nahiko balu, salaketa jartzera lagundu edota osasun zentrora. Laguntza eta arreta telefono zenbakiak eskura izatea ondo dago".

Eraso matxistaren bat gertatuko balitz, udalak Udaltzaingoarekin harremanetan jartzeko gomendatu die herritarrei, eta Udaltzaingoa arduratuko da, ondoren, osasun zentrora joateko garraioa jartzeaz eta laguntza emateaz. "Udaltzaingoarekin harremanetan jartzeko eskatzen dugu, inork ez dezan horrelako egoera batean autoa hartu beharrik izan, alkoholaren edo bestelako drogen kontsumoa ezin delako baztertu", azaldu du Zubillagak.

Era berean, Euskal Herrian azken asteetan gertatzen ari diren ziztadak "emakumearen kontrako beste indarkeria mota bat" direla nabarmendu du zinegotziak, eta biktimei eskatu die halako kasuetan lagunei ohartarazteko eta osasun zentrora joateko, baita 112 telefonora, Udaltzaingora edota Ertzaintzara deitzeko ere.

SexuBizi espazioa, eliz atarian

Bestalde, abuztuaren 14an, 16an eta 18an SexuBizi izeneko "genero erasoen aurkako babes gunea" jarriko dute eliz atarian, 23:00etatik 02:00etara. "Informazio, aholkularitza eta babes gunea" izango dela nabarmendu du udalak, eta zerbitzu horren helburua izango da jaietan "harreman eta sexualitate osasuntsua sustatzea" zein "prebentzioa lantzea". Toki, egun eta ordutegi berean drogen kontsumoak eragiten dituen arriskuak "prebenitzeko eta murrizteko gunea" jarriko dutela ere adierazi du erakundeak.

Horrez gain, udalak Ondo pasa, pasatu gabe! leloa berreskuratu du, "kaleak eta jaiak denonak direlako", eta "arduraz" jokatzeko eskatu diete herritarrei. Udalak txartel-zorroak banatuko ditu jaietan, eta horietan laguntza eta arreta telefono zenbakiak egongo dira eskuragarri. "Asmoa da, zerbait gertatuz gero, eskura eta azkar izatea arretarako telefonoak", zehaztu du erakundeak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide