Azkoitiko Udalak eta Urolako Komunikazio Taldeak (UKT) lankidetza hitzarmena sinatu dute, "euskararen erabilera sustatzen eta dinamizatzen" jarraitzeko. Javier Zubizarreta alkateak eta Ihintza Elustondo UKTren lehendakariak sinatu dute hitzarmena, eta bidelagun izan dute Uxua Ostolaza UKTren kudeatzailea.
UKT-k 45.150 euroko dirulaguntza jasoko du udalaren eskutik, eta diru partida hori "euskararen erabilera soziala handitzeko dituen neurrien barruan" sartzen dela nabarmendu du udalak, "hedabideak euskara bera eta euskararen kalitatea elikatzeko tresna" direlako. Era berean, informazioa euskaraz ematea "giltzarri" dela gaineratu du erakundeak.
Gipuzkoako Urola Kostako sei hedabide batzen dituen kooperatiba da UKT: Orio-Aiako Karkara, Zumaiako Baleike, Azpeitiko Uztarria, Azkoitiko Maxixatzen, Urola Kostako Hitza eta Erlo telebista.