2000. urteko apirilaren 23a zen gizartean lehen reality-aren berri hedatu zenean: Gran Hermano saioa estreinatu zuen Telecinco kateak. Ordutik bilakaera ikaragarria izan dute halako saioek, eta gaur egun haren antzeko hainbat programa daude. Herritar guztiek ikusi dituzte bat edo beste, denek eman dute iritzia horien inguruan, baina gutxi dira, oso gutxi, horietan parte hartzera ausartu direnak. Azkoitian, ordea, badira batzuk. Zerk bultzatu zituen halako programa batean parte hartzera?
"18.000 eurok". Garbi eta zuzen esan du Ibon Arrieta Aitzak (Azkoitia, 1975). Garai hartan, 2005. urtean, sasoikako langile gisa lan egiten zuen, eta lan horiek eginez biltzen zuen diruarekin bidaia luzeak egiten zituen ondoren. Hala, Hego Amerikatik iritsi berritan, anaia joan zen haren bila aireportura, eta zera esan zion hark: "Ibon, ETB1 saio berri bat grabatzen hastera zihoak, Basetxea Taberna izenekoa. Sari potoloa dik, eta hi ezagututa, castinga erraz gaindituko duk!". Anaiak esan bezala gertatu zen: konturatzerako, programa barruan zen Arrieta, lehen saioa grabatzen. Alain Ansorregi (Azkoitia, 1990) azken El Conquistador del Caribe telebista saioko lehiakidea izan da, eta zera dio hark: "Ni ohartu gabe, Jon Aranda azkoitiarraren bitartez, sartu ninduten castingera. Joatea erabaki nuen, eta berehala hartu ninduten". Ianire Iriarte (Azkoitia, 1994) Ansorregiren programa berean izan zen, eta Ainhize Azpiazu (Azkoitia, 1996), berriz, Baserriaren bigarren edizioan. Bi neskek programak ikusi eta gustuko zituztelako erabaki zuten horietan parte hartzea. Hala ere, biak bat datoz castingera "ikustera eta probatzera" joan zirela esatean. "Bat-batean, barruan zaude!", diote.
Behin programa barruan, askotariko esperientziak izan dituzte. Aitzak oroitzapen txarrak ditu, batik bat, alderdi psikologikoari dagokionez. "Presio ikaragarria jasan genuen kamerengatik eta mikrofonoengatik. Bi pertsona une oro genituen gainean, atzetik jarraika: egunez eta gauez. Jazarpena da azkenean. Poliki-poliki, betetzen joaten zara, leher egiten duzun arte, nahiz eta telebistan txorakeria bategatik dela dirudien".
"Egoera txar horietan ezagutzen dituzu benetan ondoan dituzunak, eta zeure burua"
Realityak psikologikoki gogorrak direla diote beste hirurek ere, baina hori baieztatzeko arrazoi desberdinak dituzte. Azpiazu, adibidez, bikotekidearekin sartu zen programan, biak "ilusioz gainezka" zeuden, eta lehenbiziko saioan kanporatua izan zen mutila. "Niretzat egundoko kolpea izan zen. Oso pertsona emozionala naiz, gertatzen zaidan dena hamar aldiz biderkatuta bizitzen dut, eta imajinatu programan!".
Ibon Arrieta Aitza.
Ansorregi eta Iriarte ondo moldatu ziren programan, baina bereziki gogoan dituzte zenbait gau. "Ikusleak ezin du nabaritu zeinen gaizki pasatzen dugun", dio Ansorregik. Hark esandakoa buruarekin baieztatu du Iriartek, baina alde ona ere bilatu dio egoerari:"Egoera txar horietan ezagutzen dituzu benetan ondoan dituzunak, baita zeure burua ere". Bat dator Ansorregi: "Hori egia da, zure egunero bizitzan ematen duzunaren aldean askoz gehiago eman dezakezula ikusten duzu".
Errealitateaz
Realityetan ikusleak ikusten duena errealitatea al den galdetuta, baiezkoak irabazi du. "Egia da, baina ez %100ean", esan du Azpiazuk. "Izan ere, kamerak ez daude 24 ordutan, eta une horietan gauza asko gertatzen dira. Beraz, ikusleari informazioa falta zaio batzuetan egoera batzuk ulertzeko", erantsi du.
Aitzak esaera bat ekarri du gogora, bizi izandakoa oroitzeko: "Bada esaera bat: jakiteko irakurtzen da, egiaztatzeko bidaiatzen da. Telebistaren kasuan hori gertatu zitzaidan; entzuna nuen dena faltsua zela, baina bizitzea behar nuen. Gure urtean, adibidez, joko psikologiko handia erabili zuten, arauak egun batetik bestera aldatuz. Azkenean, limitera eramaten gintuzten, lehertu arte".
"Entzuna nuen telebistan dena faltsua zela, baina bizitzea behar nuen"
Ansorregiri gertatu zitzaion Aitzak esandakoaren harirako antzekoa programatik kanporatua izan zen dueluan. Haren esanetan, berak bizitakoa eta telebistan agertutakoa ez zetozen bat: "Telebistan hamabost minutu zena han bi ordu ziren; hasieran aldameneko egurrak ezin nituela esan zidaten, baina hori ez zuten bota telebistan: Marijo hamaika aldiz erori zen, behin eta berriz, saiatu zen duelua amaitzen, eta hori ere ez zuten eman...". "Baserria saioaren esperientziaren ondoren, horrelako programak beste begi batzuekin ikusten ditut", onartu du Azpiazuk.
Zerbait erreala bada, "sufrimendua" dela dio Iriartek: "Jatekorik gabe, baldintza txarretan... egoten gara. Hori guztiz erreala da. Are gehiago esango nuke: telebistan gutxi nabari da sufrimendu hori".
Errepikatzeko prest
Une txar horiek bizi arren, guztiek errepikatuko lukete esperientzia, xehetasun batzuk aldatuta, ordea. Aitzaren kasuan, adibidez, berriro parte hartuko balu, "ikuspuntu enpresarial" batetik egingo luke, eta, "beti ere, bidaiekin lotutako programa izango balitz". Azpiazuk, berriz, ez luke esperientzia bikotekidearen elkarbanatuko berriro: "El Conquistador del Caribe probatuko nuke, baina bakarrik joanda. Nahikoa lan izaten duzu zure buruarekin, beste bati begira egoteko. Bera animatzen dut joatera, eta ni ere joango nintzateke hurrengo edizioan, baina batera berriro ez. Ez, ez! Asko maite dut e, baina pisu ikaragarria da!", dio barrez. Izan ere, Ansorregiren arabera, "bizitzako esperientzia" da El Conquistador del Caribe, "behin probatu beharrekoa".
Jendearen babesa ere asko sentitu dute, sare sozialetan, batik bat. Maitasun eta babes mezuak izan dira denak, baita proposamen bereziak ere: "Azken programan mezu bat jaso nuen, ea inguruan hotelik ba al nuen galdezka, berak ordainduko zuela... Ez sinestekoa!"agertu du Ansorregik. Iriartek eta Azpiazuk ez dute horrelako mezurik jaso, baina oso hunkituta agertu dira jasotako animo guztiak tarteko: "Harritzekoa da zenbat mezu jaso ditudan, denak baikorrak, gainera", dio Iriartek. "Nire kasuan, urte batzuk pasa diren arren, oraindik gogoratzen naute sare sozialetan, eta Tik Tok aplikazioko zuzenekoetan sartzen naute. Haientzako zerbait handia egiten ari zara, eta bitartean, nik betikoa izaten jarraitzen dut; Ainhize, azkoitiarra eta kristaleruen alaba", azaldu du Azpiazuk.
Azkoitiarrak realityetan edo beste programetan parte hartzera animatu dituzte elkarrizketatuek, eta "beldurrik ez izateko" gomendioa eman dute: "Askotan, esango dutenaren beldur gara, baina joan nahi duena, joan dadila, mereziko du eta", esanez animatu ditu herritarrak Iriartek.
Kamera atzetik
Kamera aurrean, lehiakide gisa, ibili diren azkoitiarren testigantzak bildu ditu Maxixatzenek, baina, bada beste azkoitiar bat kamera atzeko lanean dabilena; Iban Garcia Supervivientes saioan. Egunero 15 minutuko programa egiten du -Infiltrados-, eta reality-a beste ikuspuntu batetik kontatzen du: partaideak bizi diren hondartzetan sartzen da, haien arropak eta tresnak erakusteko, familiakoak bisitatzen joaten zaizkienean berak elkarrizketatzen ditu edota programatik kanporatuak diren partaideak hotelera eramaten ditu.
Partaideak ikusten dituen arren, haiekin harremanik ezin du izan azkoitiarrak, baina, bizi duten egoera eta dituzten baldintzak ikusita, "pena" sentitzen duela onartzen du: "Oso serio eta zuzen ematen da biziraupen gaia, eta hondartzan, hondarretan egiten dute lo, apenas jaten dute, kilo pila bat galduta... Oso gogorra da baldintza horietan bizitzea. Ikusleak ezin du imajinatu", azaldu du Garciak Hondurastik.
Reality bateko atzeko lana ezagututa, Garciak ez du baztertzen batean parte hartzerik
Reality bateko atzeko lana ezagututa, azkoitiarrak ez du baztertzen batean parte hartzerik. "Abentura zalea naiz, eta prest nago. Hori bai, El Consquistador del Caribe bezalako programa batean ez, asko entrenatu behar duzu eta. Baina, aldiz, Supervivientes-en ikusten naiz. Hala ere, zaila da eta ez dut ezer planteatu nahi", amaitu du.