Amaia Epelde: "Oso nirea da pianoa, sentitu egiten dut"

Andoni Elduaien 2022ko abu. 24a, 08:30

Amaia Epelde. (Argazkiak: utzitakoak)

Pianoarekin trebatu zen umetan Amaia Epelde, eta mundu zabalean egin zituen ikasketak, hala nola Madrilen, San Petersburgon eta New Yorken. Pianoarekin hartuta zuen bidea utzi eta irakaskuntzan murgildu zen, eta egun, lanbide horretan dihardu Granadako Unibertsitatearen Melillako campusean.

Piano ikasketak egin zituen Amaia Epeldek (Azkoitia, 1964) ume sasoian. 23 urte daramatza Melillan (Espainia) bizitzen, baina ondo barrutik azaleratzen du hark sorterriarekiko duen maitasuna. Granadako Unibertsitatearen Melillako campuseko irakaslea da Epelde, baina lanbide hori hartu aurretik ibilbide luzea egin zuen pianoarekin; izan ere, nazioartean ibilia da ikasten eta kontzertuak eskaintzen.

Pianoak eraman zaitu egun egiten ari zaren bidea egitera.

Oso aurreratuta eduki izan ditut beti piano ikasketak. Donostian, Madrilen eta Errusian egin nituen horiek, eta New Yorken, berriz, master ikasketak. Ikasketak amaitutakoan, kontzertuak eman nituen orkestrekin nahiz bakarlari bezala. Duela 23 urte, baina, Granadako Unibertsitatearen Melillako campusean hasi nintzen irakasle lanetan, eta horretan dihardut oraindik. Doktoretza ere egin nuen, eta kargu asko izan ditut urte hauetan guztietan. Egun, ikasleen Unibertsitate Hedapeneko eta Nazioartekotzeko dekanordea naiz.

Zerk bultzatu zintuen musikara? Zergatik egin zenuen pianoaren aldeko hautua?

Azkoitiko beste haur askok bezala, nire gurasoek musika ikasketetan matrikulatu ninduten. Orduan mojetan egiten ziren musika ikasketak herrian; gogoan dut Pilar Elorza ahizpa, harekin hasi nintzen-eta ikasten. Azkoitian pianoa bakarrik irakasten zuten sasoi hartan, eta hala hasi nintzen. Elorzarekin ikasi ostean, uztailean, Donostiara joaten ginen azterketak egitera. Proba horietan beti bikain ateratzen nuen, erraztasun handia bainuen pianoarekin. Pentsa, bi ikasturte batera egindakoa naiz. Urte haietan, gainera, umeen kontzertuak antolatzen hasi ziren Azkoitian, eta nik beti parte hartzen nuen.

Urte asko daramatzazu herritik kanpo. Noiz utzi zenuen Azkoitia?

Azkoitia nire erreferentzia puntua izan da beti. Azkoitiko ikasketa guztiak amaitu nituenean, Donostiako Kontserbatorioan jarraitu nuen ikasten. Erdi mailako ikasketak egin nituen Gonzalo Trevijano irakaslearekin, eta hark Madrilera joateko aukera eman zidan. 19 urterekin Madrilera joan nintzen, baina neguko eta udako oporraldietan etxera itzultzen nintzen. Errusian eta New Yorken bizi izan nintzenean ere, oporraldian etxera itzultzen nintzen. Granadako Unibertsitatearen Melillako campusean lanpostua aurkitu nuenean utzi nuen Azkoitia, hara joan bainitzen bizitzera.

23 urte daramatzazu Melillan bizitzen. Zer moduz?

Melilla oso leku ederra eta erosoa da bizitzeko. Zeharo desberdinak dira Azkoitia eta Melilla. Hiri txikia da, eta guztia eskura dugu; zerbait lortzeko ez dago hiritik atera beharrik. Jendea autoarekin mugitzen bada ere, oinez leku guztietara iristeko aukera ematen du hiriak. Klima ere aparta da. Abenduan eta urtarrilean berokia jantzi behar izaten dugu, baina ez du hotz bortitzik egiten; udan, berriz, beroegi egiten du. Kultura aldetik, bestalde, anitza da. Kristauak eta musulmanak elkarrekin bizi gara hemen, baina erabateko errespetua diogu elkarri.

Erraza izan al zen Azkoitia uztea?

Hori beti izaten da zaila. Askotan sentitzen dut Azkoitiaren falta. Norbere lurrak tira egiten duela esaten dute, eta egia da. Lanean oporrak hartutakoan, Azkoitira joango naiz, eta han pasatuko dut abuztua.

"Musikari batentzat guztia da musika, eta hala sentitzen dut nik ere"

Nola oroitzen dituzu pianoarekin emandako lehen urratsak?

Oso nirea da pianoa, sentitu egiten dut. Egun, ez dut betarik jotzeko, irakasle lanak eta dekanordetzak denbora asko eskatzen baitidate. Musikari batentzat guztia da musika, eta hala sentitzen dut nik ere. Zoriontasun handiko garaia izan zen pianoaren bueltan bizitakoa. Gainera, ez da gauza bera musika entzutea edo musika norberak jotzea. Garai hartan neuk egiten nuen musika, eta musika norbere buruak interpretatutakoa denean, sentsazio berezia bezain ederra sortzen zait barruan. Alaitasun handia ematen dit.

Beka batzuk ere jaso zenituen bakarlari bezala kontzertuak emateko. Zein da bereziki gogoan duzun emanaldia?

Errusian ikasteko Espainia-Batasun Sobietikoaren Elkarteak emandako beka jaso nuen, eta AEBetan ikasteko, Fulbright beka eman zidaten. Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak beste bi beka eman zizkidan. Ikasketa horiei esker, kontzertuak emateko aukera sortu zitzaidan. 1987an, Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin eman nuen kontzertua Azkoitian; Chopinen 1go kontzertua eskaini nuen. Emanaldi entzutetsua izan zen, Baztartxo bete egin zen. 1993an, berriz, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin eman nuen kontzertua herrian; oso garrantzitsua izan zen kontzertu hura ere. Gainerakoan, Euskal Herriko eta nazioarteko aretoetan ibili naiz, hala nola Errusiako Tchaikovsky aretoan eta AEBetako beste hainbatetan.

Bakarka edo orkestrarekin nahiago?

Desberdina da. Ardura handia da jendaurrera bakarrik irtetea. Ikusleak, ordea, nahiago du orkestrarekin batera ikustea; izan ere, bakarrik motelagoa izatean da emanaldia. Era batera edo bestera, ardura berarekin hartu izan ditut kontzertuak.

Irakaskuntzan murgildu zinen gero. Zergatik erabaki zenuen ordura arte pianoarekin zenuen lotura, nolabait, haustea?

Arrazoi pertsonalek behartuta hartu nuen erabaki hori. Arrazoi horiek izan ez banitu, uste dut ez niokeela pianoa jotzeari sekula utziko. Pianoarekin lotura hautsi egin nuen, ordea, eta Melillako campusean eskolak ematen hasi nintzen.

"Ikertzaile nagusi bezala, ikerketa proiektu bat baino gehiagotan parte hartu dut"

Ikerketa lanetan ere parte hartu izan duzu, ezta?

Ikertzaile nagusi bezala, ikerketa proiektu bat baino gehiagotan parte hartu dut. Egun, esaterako, Ikastetxeko zuzendaritzaren zuzendaritza eta derrigorrezko hezkuntzan inklusioa hobetzeko ekarpena izeneko proiektuan nabil buru-belarri. Era berean, Europa mailako beste proiektu batean ere egon naiz sartuta Zipren, MusiChild izenekoan. Musika haurrengan nola hobetu zitekeen ikertu genuen. Lau herrialdek parte hartu zuten proiektu hartan, hala nola Ziprek, Greziak, Italiak eta Espainiak. Melillako campusetik nik bakarrik parte hartu nuen ikerketa lan horretan, eta gure lana 3-12 urte bitarteko haurrei musika nola irakatsi behar zaien aztertzea izan zen gure lana.

Horien emaitzak aldizkari eta liburuetan jasotzen dituzue. Zu, adibidez, Melillako campuseko Publicaciones aldizkariaren zuzendari lanetan aritua zara...

Espainiako eta nazioarteko hainbat argitalpen egin ditugu. Melillako campuseko gure fakultatean dugun aldizkaria da Publicaciones. Lau urte egin nituen aldizkariko zuzendari nagusi lanetan, eta lau zenbaki argitaratu genituen nire ardurapean. Ardura eta lan handia izan zen aldizkaria zuzentzea, une oro beste unibertsitateetako aldizkarien arduradunekin eta nazioarteko unibertsitateekin egon nintzen-eta harremanetan. Aldizkariaren kalitatea hobetzeko lan egin behar izaten genuen.

Sari bat baino gehiago ere eskuratu dituzu. Zein?

Donostiako Kontserbatorioko ikasketak amaitu nituenean, ohorezko matrikula eman zidaten. Gainera, lehiaketa batean parte hartu nuen, eta lehen saria eskuratu nuen. Aurrera jarraitzeko indarra eman zidaten sari haiek, baita lekuz mugitzeko hegoak eman ere. Lehiaketa hartako sariak ireki zidan Madrilera joateko atea, eta gero, Errusiara eta AEBtara joateko aukera iritsi zen. New Yorken masterra amaitutakoan, 1993an, Newton Swift Accompaning Award saria jaso nuen. Espero gabe, guztia ondo atera zitzaidan.

Coral Polifonica Melillense abesbatzaren zuzendaria ere izan zinen. Lan desberdina izanik, zer-nolako esperientzia izan zen hura?

Melillara joan aurretik, Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko parrokiako abesbatzaren zuzendaria izan nintzen, baita organo jotzailea ere. Hamazazpi urtean zuzendu nuen parrokiako abesbatza eta jo nuen organoa, batez ere oporraldietan. Esperientzia eman zidan lan hark, eta Melillara iritsi nintzenean, Coral Polifonica Melillense abesbatza zuzentzeko eskaintza jaso nuen. Bi urtez zuzendu nuen abesbatza hura.

"Musika zer den jakin gabe egiten da egun musika; jendeak ezagutza txikiagoa du"

Musika aldatu egin dela uste al duzu?

Musika ez da aldatu, gizartea aldatu da. Musika klasikoa oso garrantzitsua izan da beti. Orain ere musika klasikoa da musikaren oinarria, egungo musikaraino eramaten eta garatzen dena. Gaur egun, musika klasikoa entzun gabe konposatzen dute batzuek, inolako ezagutzarik eta oinarririk gabe. Jendea, gainera, azkar ari da ohitzen musika horretara.

Teknologia baliabideek eragin al dute hori?

Erabat. Musika sortzeko teknologia asko garatu da azken urteetan, eta jendeak oso erraz sortzen du orain musika. Musika klasikoa beti egongo da hor.

Musikari bezala egitea gustatuko litzaizuken ezer ba al duzu buruan? Ba al diozu zorrik musikari?

Erretiroa hartutakoan, asko gustatuko litzaidake berriz ere nire pianoa jotzen hastea. Ederra litzateke etxean, Azkoitian, pianoa hartu eta harekin, lehen bezala, ordu batzuk igarotzea; hori da, behintzat, nahi dudana.

Akaso, berriz ere jendaurrean arituko zinateke?

Hasiera batean niretzat joko nuke pianoa, baina jendaurrean aritzeari ez diot aterik itxi nahi. Poliki-poliki joango naiz ikusten hori nola egin.

Zein dira etorkizunera begira dituzun asmoak?

Melillan jarraituko dut erretiroa hartu arte, baina tartea dudan bakoitzean Azkoitira itzuliko naiz. Sarritan joaten naiz, baina askoz gehiagotan joan nahi dut.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide