Aste eta erdi gelditzen da aurtengo andremariei hasiera emateko, eta Azkoitiko Udalak gaur, asteazkena, jakinarazi du aurtengo txupinazoa nork botako duen: Javier Azpitarte Imuntzok piztuko du abuztuaren 14ko 12:00etan jaiei hasiera emateko suziria.
"Pandemiaren garairik latzenetan" lagundu zuten nahiz egun oraindik laguntzen jarraitzen duten kideak eta gaixotasunaren ondorioz hil diren herritarrak oroituko eta omenduko ditu aurten udalak. "Eskertza, aitortza eta oroimena uztartuko ditu aurtengo txupinazoak. Udalak bere esker ona azaldu nahi du publikoki, COVID-19a tarteko, hainbeste lagunek musutruk erakutsi duten eskuzabaltasunagatik eta gizatasunagatik".
Bi urte igaro dira andremaririk gabe, eta erakundearen iritziz "une aproposa" da orduan modu batera edo bestera lagundu zuten gizon-emakumeei aitortza egiteko. Era berean, hil diren herritarrak eta "heriotzak dakarren sufrimendua" gogora ekarriko dituzte ekitaldian. "Lagundu dutenekin batera, hil diren herritarren oroitzapenarekin emango zaie festei hasiera".
Era berean, udalak nabarmendu du pandemian "gehien sufritu dutenak" adineko pertsonak izan direla, eta adineko pertsonen kolektiboaren ordezkari bezala, udalak erabaki du txupinazoa Azpitartek botatzea; 101 urte ditu hark. "Pertsona helduen kolektiboaren ordezkari gisa, suziriari su Javier Azpitarte Usinek emango dio, bera baita Azkoitiko pertsonarik helduena. Horregatik, udalak hari eman nahi izan dio txupinazoa botatzeko aukera eta ohorea. Bera arduratuko da udaletxeko balkoira igo eta festei hasiera emateaz, esker on eta oroitzapen adierazpen gisa", azaldu du erakundeak ohar bidez.
Bizkargi Dorrean jaio zen Imuntzo 1920. urtean, eta bera zen zazpi anai-arrebetan nagusiena. Aita Imuntzo baserrikoa eta ama Agarreberrikoa zituen. Maxixatzenek duela bi urte argitaratu zuen Imuntzoren erreportajea, eta honako lotura honetan irakur daiteke osorik.