Azkoitiko Udalak ekainaren 24an zintzilikatu zuen udaletxeko mastan herriko bandera ofiziala, eta bandera berriaren erreplikak atera ditu orain andremarietarako. "Kale eta auzoetan festa giroa indartzeko" asmoz hartu du erabakia erakundeak, eta herritarrei eskatu diete jaietako bost egunetan bandera balkoietan zintzilikatzeko. "Udal arduradunei ideia polita iruditu zaie festetan herria girotzeko banderak zintzilikatzea balkoietan", azaldu dute.
Bandera kolore gorrikoa da, eta bi eurotan salduko dituzte, udalaren arabera "prezio sinbolikoan". Bihar, asteazkena, eta etzi, osteguna, Kontzejupean salduko dituzte banderak; 19:00etatik 20:00etara bitartean jarriko dute mahaia pilotalekuan. Hala eta guztiz ere, bandera Herrixen elkarteko hainbat saltokitan ere salduko dute: Ikasi, Aitzaki Kirolak, Iturria Parafarmazia, Hazia, Iñaki Argazkiak, Lujan, Bego Mertzeria, Milar Larramendi, Aingeru loradenda eta Kinttlela estankoan.
Udalak jakinarazi du andremarietarako atera dituzten banderen salmentatik jasotako diru guztia Herrixen elkartearentzat izango dela. Era berean, behin festak amaituta, bandera datozen urteetarako gordetzea gomendatu du udalak, herriko datozen festetan ere balkoiak apaindu ahal izateko.