Aintzane Oiarbide diputatua Aizpurutxoko lanak ikusten izan da

Andoni Elduaien 2022ko uzt. 29a, 15:53

Aintzane Oiarbide, erdian, Aizpurutxoko lanak ikustean. (Aldundia)

Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatuak Azkoitia eta Urretxu artean gauzatzen ari diren lanak ikusten izan da gaur. Urtea amaitu baino lehen lanak amaituta izatea espero du aldundiak.

Gaur, ostirala, Aizpurutxo auzoan izan da Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatua. Azkoitia eta Urretxu arteko GI-631 errepidea zabaltzeko eta aurreratzeko erreia eraikitzeko lanak ari da gauzatzen aldundia han, eta diputatua lanak nola doazen ikuskatzen izan da gaur.

Errepideko lanez gain, aldundiak mendiko urak bideratzeko eta errepidean isurtzen diren hidrokarburoak jasotzeko nahiz iragazteko depositoak jarriko dituela iragarri du Oiarbidek. Dena den, lehen faseko lanak 2023. urtea iritsi baino lehen amaitu nahi dituzte. "Urte amaieran, obraren lehen fase hau amaitua egotea espero dugu", adierazi du diputatuak.

Aldundiak joan den apirilean lizitatu zuen GI-631 errepideko lanen bigarren zatia egiteko proiektuaren idazketa. Azkoitia eta Aizpurutxo arteko tartean gauzatuko dute bigarren fasea, 1.450 metroko luzeran. Gune horretan ere errepidearen plataforma zabalduko du erakundeak, eta aurreratzeko hirugarren errei bat eraikiko dute, lehenik Urretxurako noranzkoan, eta ondoren, kontrakoan. Obren bigarren zatia idazteko lizitazioak zazpi hilabeteko epea izango du, eta 103.818 euroko aurrekontua.

Azkoitia eta Urretxu arteko GI-631 errepidea hobetzeko proiektua 2020an hasi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, Aizpurutxo auzoko zeharbidea hobetzeko lanekin. Lehen faseko lanak aurten amaituta, datorren urtean bigarren faseari ekin nahi dio erakundeak. Guztira, 45,5 milioi euroko aurrekontua du proiektuak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide