Bihar, larunbata, Donostiako Klasikoa txirrindularitza proba jokatuko dute. Beste urte batez, Azkoititik igaroko da tropela; izan ere, Azkarateko mendatetik barrena iritsiko dira txirrindulariak Azkoitira. Herriko zati guzti-guztia saihesbidetik egingo du probak.
Klasikoaren antolatzaileek ordu laurden aurreratu dute lasterketaren irteera, eta Azkoitiko Udaltzaingoak jakinarazi duenez, lasterketa burua Azkarate gainean 13:05-13:15 inguruan izatea espero da. Herrigunera, berriz, 13:15-13:25 inguruan sartzea aurreikusi dute. Txirrindularitza probak trafiko mozketa eragingo du; GI-2634 errepidearen herriko zatia oso-osorik itxita egongo da lasterketa herrian sartzen denean. Azkoititik Azpeitira zuzenduko da Klasikoa, eta azkarrenera jota, 13:20 inguruan iritsiko dira lehen txirrindulariak Loiolara.
224 kilometroko bidea egin beharko dute Donostiako Klasikoan parte hartuko duten txirrindulariek. Gipuzkoaren zati handi bat zeharkatuko du tropelak; lehiaren lehen zatian, Gipuzkoako kostaldea zeharkatuko dute txirrindulariek, eta bigarren zatian, sei mendate gainditu beharko dituzte.