Iraurgi Abesbatzak kalez kale kantuan agurtu du ikasturtea

Mailo Oiarzabal 2022ko uzt. 16a, 20:35

Koruko hogei bat kide elkartu dira arratsaldean, herriko Alde Zaharreko kaleetan beren errepertorioaren zati bat eskainiz ilunabarra girotzeko. Afari batekin borobilduko dute eguna.

Ikasturte bukaera modu berezian ospatzea erabaki du aurten Iraurgi Abesbatzak. Udako ohiko kontzertuaren partez, kantu kalejirarekin hartu dituzte oporrak abesbatzakoek. Hogei bat taldekide elkartu dira gaur arratsaldean, eta Alde Zaharreko kaleetan ibili dira, beren doinuekin eta ahotsekin arratsa girotuz.

Kale Nagusian hasi dute kalez kaleko kantu ibilia Iraurgikoek. Olaberri tabernaren aurrean egin dute lehen kantu saioa. Handik plazako arkupeetara joan dira, eta kalean behera, Balda plazaraino iristea zen korukoen asmoa; itzaletik itzalera, beti ere, beroa handia zen eta.

Kantu kalejiraren ondoren, afaria egingo dute Iraurgiko abeslariek, eguna borobiltzeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide