Willis Drummond eta Ezpalak taldeen kontzertuak izango dira bihar iluntzean plazan

Anartz Izagirre 2022ko uzt. 15a, 09:50

Willis Drummond taldearen irudi bat. (Utzitakoa)

22:30ean hasita joko dute bi musika taldeek plazan ezarri duten agertokian. Rock estiloko kontzertuak eskainiko dituzte Zestoako (Gipuzkoa) eta Baionako musika taldeek.

Bihar, zapatua, bi rock kontzertu izango dira plazan. Hain zuzen ere, Ezpalak eta Willis Drummond musika taldeak herriko plazako agertoki gainean arituko dira, 22:30etik aurrera. Azkoitiko Um Blem Ble tabernarien elkarteak antolatu du kontzertua, udalaren laguntzarekin.

Ezpalak rock alternatiboa sortzen duen Zestoako (Gipuzkoa) musika taldea da. Iaz, Kolpatuz Topatu izeneko bigarren diskoa aurkeztu zuen musika taldeak. Juanjo Berasainek (ahotsa), Eñaut Gaztañagak (gitarra), Unai Eizagirrek (baxua) eta Janardana Iglesiasek (bateria) osatzen dute musika taldea. Azken diskoko zortzi abestiek 90eko hamarkadako influentziak partekatzen dituzte. Halere, erritmo rockeroak eta dantzagarriak bildu dituzte azken lanean, Idles edo Fontaines DC. bezalako proposamen berritzaileen harira.

Bestalde, Willis Drummond rock taldea Baionan sortu zen 2006. urtean. 2009an kaleratu zuen lehen diskoa taldearen izen berarekin. Harrezkero, zuzeneko bi lan eta estudioko beste sei kaleratu ditu musika taldeak, azkena Zugzwang izenekoa. 2020ko geldialdia formatuz aldatzeko baliatu zuen taldeak; izan ere, Vincent Bestaven Botibol gehitu zen orduan taldera. Haren ahotsarekin, gitarrarekin eta teklatuekin abestiak beste ikuspuntu batekin ari da lantzen Willis Drummond.

Hona hemen Ezpalak eta Willis Drummond musika taldeen bideoklip bana:

Willis Drummond - Nahi eta nahi ez

Ezpalak - Itzala

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide