Jorginho artista azkoitiarrak 'Arte do encontro' diskoa kaleratu du

Andoni Elduaien 2022ko uzt. 14a, 13:13

Jorge Arzalluz 'Jorginho' musikaria. (Argazkia: utzitakoa)

Azken urteetan etxeko estudioan grabatutako abestien aukeraketa egin zuen azkoitiarrak itxialdian. Orduan hautatutako abestiekin ondu du orain disko berria Arzalluzek, Tarragonako (Katalunia) ekoiztetxe baten laguntzarekin. Jorginhoren azken lana entzungai dago plataforma digital guztietan.

Jorge Arzalluz (Azkoitia, 1970) Jorginho musikariak bere ibilbideko bigarren diskoa kaleratu du: Arte do encontro (elkar topatzearen artea). Ametsen fabrika lehen diskoaren ondoren, azkoitiarrak itxialdiaren garaian etxean grabatutako abestiei "forma eman" eta diskoa grabatzea erabaki du.

18 urterekin murgildu zen Arzalluz musikaren munduan, baina 26 urterekin Hegoamerikerikara joan zen; bi urte eta erdi egin zituen han bizitzen. Egonaldiaren azken urtea Brasilen igaro zuen, eta aitortu du poliki-poliki herrialde hartako musika ezagutzen hasi zela. "Asko gustatu zitzaizkidan musika jotzeko han zuten era, eta akorde desberdinak ezagutzen hasi nintzen", azaldu du Jorginhok.

Brasilgo egonaldia amaitutakoan Azkoitira itzuli zen, eta 40 urterekin kantuak egiten zen. "Musikan urte asko egina nintzen arren, ordura arte inoiz ez nuen kanturik egin. Abesti batzuk etorri zitzaizkidan orduan, eta Azkoiti-Azpeitiko musikariekin grabatu nituen". Ametsen fabrika diskoaz ari da Arzalluz, orduan kaleratu baitzuen ibilbideko lehen diskoa. Portugesez abestutako kantuak kaleratu zituen gehien bat, baina euskarazko abesti batzuk eta ingelesezko beste bat ere atera zituen.

Orain, hamabi urte beranduago kaleratu du bigarren diskoa: Arte do encontro. Artistak adierazi duenaren arabera, itxialdiaren garaian etxeko estudioan grabatu zituen abestiak. "Erabaki nuen grabatuta nituen abesti horiei forma ematea. Tarragonako [Katalunia] George Five ekoiztetxearekin jarri nintzen harremanetan, eta hango musikarien laguntzarekin grabatu dut Arte do encontro diskoa".

Artista azkoitiarraren azken diskoko abestiak entzungai daude plataforma digital guztietan, besteak beste, Spotify, Youtube, Amazon eta iTunes plataformetan. Jorginho arte do encontro edo Jorgiñho arte do encontro izenarekin aurkitu daitezke Jorginhoren abestiak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide