Txikia IV.ak ez du parte hartuko federazioaren hirugarren mailako Euskal Herriko Txapelketan

Mailo Oiarzabal 2022ko uzt. 13a, 18:19

Julen Alberdi 'Txikia IV'.a, iaz Txapelketa Nagusirako Zestoan jokatutako kanporaketan. (Ibon Errazu)

Joan den astean Euskal Herriko federazioaren presidenteak egindako adierazpenei erantzun die Ezpal aizkolarien elkarteak. Besteak beste, federazioak hirugarren mailan lehiatzea beste aukerarik ez diela eskaini eta aukera horri ezezkoa martxoan eman ziotela azaldu dute. Elkarte horretako kide da aizkolari azkoitiarra.

Euskal Herriko Herri Kirol Federazioaren eta gaur egungo puntako aizkolarien arteko desadostasunak konpondu gabe jarraitzen du. Ezpal, Euskal Herriko aizkolarien elkarteak, oharra plazaratu du, joan den astean Igor Duñabeitia federazioko presidenteak egindako adierazpenei erantzuteko eta, hark iradokitakoaren kontrara, elkarteko aizkolariek federazioaren hirugarren mailako txapelketan ez dutela parte hartuko jakinarazteko. Ezpal elkarteko kideen artean daude gaur egungo aizkolari onentsuenak, tartean Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolari azkoitiarra.

Oharrean, Ezpal elkarteak luze eta zabal azaldu ditu 2020tik gaur arte federazioarekin izan dituzten harremanak eta talkak. 2020ko ekainean hasi ziren desadostasunak, Euskal Herriko aizkolarien elkartekoek oharrean gogora ekarri duten bezala. Urte hartan txapelketarik ez zuela antolatuko jakinarazi zuen federazioak; erabaki horren berri “prentsaren bidez” izan zuten aizkolariek. Horren aurrean, lehen mailan zeuden aizkolariek txapelketa beraiek antolatzea eskaini zioten federazioari. Aukera horri “ezezko borobila” eman zion federazioak, baina aizkolariek “txapelketa berri bat” antolatzeari ekin zioten. Horren aurrean, ekainean esandakoa alde batera utzi, eta urte hartako abuztuan aizkolari txapelketak antolatuko zituela iragarri zuen federazioak, “oraingo honetan ere kirolariekin inolako harremanik izan gabe”. 2020ko irailaren 23an, agerraldia egin zuten lehen eta bigarren mailako hainbat aizkolarik, federazioaren txapelketari uko egin eta beren ekimenez sortutako txapelketa berria jokatuko zutela iragartzeko. Urte hartako abenduan jokatu zuten Bilbon lehen Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusia. Iaz ere txapelketa bera jokatu zuten puntako aizkolariek, eta bien bitartean, ez dute parte hartu izan federazioak antolatutako txapelketa ofizialetan. Aitzitik, lurraldeetako federazioek antolatutako txapelketan bai, eta horietan lehen mailako txapelak irabazi dituzte Ezpalen elkartzen diren aizkolariek.

Martxoan hartutako erabakia

Orduz geroztik, federazioaren eta aizkolari onentsuenen arteko desadostasunak ez du konponbiderik izan eta hainbat kapitulu bizi izan ditu. Ezpalen oharrean xehetuta dator bi aldeen arteko bileren, konpontze saiakeren eta konponezinen zerrenda. Hain zuzen ere, aizkolariek azaldu dutenez, joan den martxoan elkartu ziren azken aldiz federazioarekin, eta orduan jakinarazi zioten erakundeari aurtengo txapelketan ere ez zutela parte hartuko. Izan ere, 2020an uko egin ostean, lehen mailako txapelketan parte hartzeko eskubidea galdu dutela defendatu izan du federazioak, aizkolarien; berez lehen mailakoak diren aizkolari horiek hirugarren mailako txapelketa jokatuz itzuli beharko liratekeela, alegia, federazioaren txapelketa ofizialetara. Proposamen hori berretsi zien federazioak martxoko bileran, eta uko egin zioten aizkolariek; are gehiago, bileraren aurretik jakinarazi zien federazioak aizkolariei “zuzendaritza batzordeak hartutako erabaki zurruna”. Bilerari eustea erabaki zuten, hala ere aizkolariek: “Bilerarekin aurrera jarraitu eta erabakia azaldu ziguten, elkartea osatzen genuen aizkolariok hirugarren mailan atera behar genuen. Beraz, ez zen ezohiko erabaki bat, gure eskubide bat baizik. Bileran galdetu genien ea proposamen horrekin aterako ginen uste zuten, eta beraien erantzuna ezetz izan zen, baina erabakia hartuta zegoela. Erabaki horrekin gaur egungo aizkolari onenak maila gorenean berriz ikusteko lau urte igaro behar dira gutxienez”.

Ezezkoa eman zioten, beraz, elkarteko aizkolariek federazioari, martxoan. Horregatik, harrituta agertu dira aizkolariok joan den uztailaren 6an Duñabeitiak prentsaurrean egindako adierazpenekin. “Ulertzera eman zuen beraien erabakia gurekin bat hartutakoa zela, eta adierazpenak entzunda, txapelketan parte hartuko genuenaren esperantza saltzen zuen. Modu txarrean eta egoerari aurre egin gabe, jendearen ilusio eta sentipenekin jokatzen jarraitzen dute”, diote Ezpaleko kideek.

Federazioak hartutako erabakia “gaur egun lehen maila osatzen duten aizkolariek baldintzatua” egon dela ere badio Ezpal elkarteak bere oharrean. “Beraiena izan zen azken orduan federazioan sartutako idatzia, eta beraiena ere gu hirugarren mailan ateratzeko erabakia. Zentzugabeko erabakia, aizkolaritzaren egoera konpondu nahi duen edozeinentzat. Federazioak bazekien gurekin adostasuna izateko aizkolari guztiok osatutako estrukturazio berri bat proposatu behar zuela, gutxienez”, gaineratu dute elkarteko aizkolariek, oharraren hondarrean hirugarren mailako txapelketam parte hartzeari uko egin diotela berresteko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide