Azkoitia, klasikoen topaleku

Andoni Elduaien 2022ko uzt. 14a, 09:00

Antolatzaile taldeko eta udaleko ordezkariak atzo egindako aurkezpenean. (Udala)

Ibilgailu klasikoen irteera eta topaketa egingo dituzte igandean Azkoitian, ehun ibilgailu baino gehiagok parte hartzea espero dute antolatzaileek. Adineko pertsonek, bakardade egoeran daudenek edota aniztasun funtzionala duten lagunek parte hartu ahal izango dute Azkoitia eta Urrestilla artean egingo duten auto klasikoen irteeran. Horretarako, izena eman beharko da aurrez.

Datorren igandean, uztailak 17, Azkoitiko II. Ibilgailu Klasikoen Topaketa eta Irteera egingo dituzte Azkoitian. Axiri Classic eta Azkoitiko Klasikoak taldeek bigarrenez antolatu dute klasikoen irteera, eta igandean ospatuko dute eguna. Gaur-gaurkoz, Azkoitiko, Azpeitiko, Zumaiako eta Ordiziako hamabost lagun daude Axiri Classic taldean, baina Antonio Sudupe Pio taldekideak nabarmendu duenez, "gero eta jende gehiago" ari da taldera batzen. "Hamabost lagunen auto horietara eta beste herri batzuetatik etorriko diren lagunek ekarriko dituzten autoetara sartzeko aukera izango dute herritarrek, inguruaz gozatuz ibilbide bat egin dezaten". Eguraldi iragarpenak alde dituztenez, antolatzaileek ehun ibilgailutik gora espero dituzte igandean Azkoitian. "Herrira sekulako autoak etortzea espero dugu, besteak beste, kabrioletak, 1930. urteko autoak eta polizia amerikarraren autoa. Horiek baieztatu digute dagoeneko beraien presentzia", azaldu du Sudupek.

Duela hamabi urte, ibilgailu klasikoak zituzten lagunak elkartzen hasi ziren Azkoitian, autoak herriaren aurrean erakusteaz gain, beraien artean eguna pasatzeko. Iaz, ordea, ibilgailu klasikoen kontua gizarteratzea erabaki zuten. Bakardade egoeran zeuden herritarrei, adinekoen egoitzetan bizi direnei edota aniztasun funtzionala duten lagunei tarte bat eskaintzeko asmoz hasi ziren antolatzen klasikoen irteera eguna. Honela azaldu du Sudupek: "Behin baino gehiagotan azaldu ziguten adineko herritarrek ibilgailu klasikoen barruan gustura egingo luketela itzuli bat herrian. Era berean, askotan aipatu izan digute tankerako autoak izan zituztela beraien gurasoek, eta oroitzapen onak dituztela".

Sudupek adierazi du, iazkoa "egun polita" izan zela, eta aurten errepikatzea erabaki dutela. 09:00 inguruan hasiko dira lehen ibilgailuak Plazaberrin pilatzen. 11:00etarako guztiak elkartuta izatea espero dute, eta orduan abiatuko dira Urrestillara. Loiolara itzuliko dira handik, eta Azkoitian amaituko dute bira. Lehen edizioan, kostaldera egin zuten klasikoen irteera, baina aurten ibilbide motzagoa egitea pentsatu dute. "Urrestillara joango gara ibilgailuekin, eta bueltan Kiruri jatetxean geldituko gara. Jatetxearen baimenarekin, haren  aparkalekuan utziko ditugu autoak, han hamaiketakoa egiteko. Ordubete inguru egongo gara han; izan ere, gero Azkoitiko Plazaberrira itzuliko gara ibilgailuak azkoitiarrei erakustera".
San Jose egoitzan dauden egoiliarrei gonbidapen berezia egin nahi izan die Sudupek. "Egoiliarrak animatu nahi ditugu irteeran parte hartzera. Beldurrik ez izateko esan nahi diegu, beharrezkoak diren neurri guztiak hartuko baititugu". Dena den, hark nabarmendu du San Jose egoitzatik igaroko direla Loiolatik Plazaberrira joaterakoan, "egoitzan dauden herritarrak agurtzeko eta haiek autoak ikus ditzaten".

Ehun ibilgailu klasiko

Ibilgailu klasikoen topalekua bihurtu da Azkoitia azken urteetan. Suduperen esanetan, ehun ibilgailu inguru elkartu izan dira Azkoitian pandemia aurreko urteetan. Iaz, ordea, irteera bakarrik egin zuten, eta horregatik, kopurua mugatzea erabaki zuten: "Muga jarri genuen, eguna pertsonekin irteera egiteko antolatu genuelako". Aurten, baina, ez dute mugarik nahi, eta igandean, Azkoitian ahalik eta jende zein ibilgailu gehien elkartzea nahi dute. "Irteeraz gain, topaketa ere egingo dugu, eta nahi genuke jendeak parte hartzea. Hain zuzen, horregatik erabaki dugu aurten ibilbidea motzagoa izatea, jende gehiagok parte har dezan".

Datorren igandean ere topaketetan izaten zituzten auto kopurura iristea espero dute, "jende asko deika" ari baitzaie dagoeneko. "Eguraldi onarekin jende gehiago animatzen da gurea bezalako topaketara, eta ohiko auto klasikoez gain, kabriolet eta moto klasiko gehiago etortzen dira". Hala eta guztiz ere, Sudupe penatuta agertu da, azken urteetako topaketetan parte hartu duten ibilgailu ikusgarri bat edo bestek aurten huts egingo duelako, arrazoi desberdinengatik. "Iruñeko eta Obanosko kamioiak ez dira Azkoitira etorriko, arrazoi desberdinak tarteko". Dena den, "egun polita" igaroko duten itxaropena dute antolatzaileek.

Izen-ematea, zabalik

Egunaren antolatzaileek nahi dute igandeko irteera solidarioa eta inklusiboa izatea; izan ere, herriko pertsona nagusiei eta aniztasun funtzionala dutenei eman nahi diete ibilgailu klasikoez gozatzeko aukera. Ibilgailuetan ibilbidea egin nahi duten herritarrek 620 85 67 55 telefono zenbakira deitu beharko dute datozen orduetan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide