Iraurgi Abesbatzak ikasturte amaierako ekitaldia eskainiko du zapatuan kaleetan zehar

Anartz Izagirre 2022ko uzt. 13a, 10:31

Iraurgi abesbatzako kideak Kontzejupean eskanitako kontzertu batean.

Aurten ez du urteroko kontzerturik eskainiko Iraurgi Abesbatzak, baina herriko hainbat puntutan hainbat abesti kantatuko dituzte zapatuan, hilak 16, 19:00etatik aurrera. Horren ostean, afaria egingo dute abesbatzako kideek.

Aste honetan amaitu dute ikasturtea Iraurgi Abesbatzako kideek, eta zapatu honetan, uztailak 16, ekitaldi bat egingo dute oporrak hartu aurretik. Normalean kontzertua eskaini ohi dute ikasturte amaieran, baina aurten, herriko kaleetan zehar abesten ibiliko dira abesbatzako kantariak, 19:00etan hasita. Daniel Varela Iraurgi Abesbatzako presidenteak jakinarazi duenez, ez da lehen aldia kalean halako ekitaldi bat egiten dutena, duela urte batzuk ere egin zuten.

Kale Nagusitik barrena ibiliko dira abeslariak, eta besteak beste, plazan, eliz atarian eta Balda plazan eskainiko dituzte abestiak. Ordubete inguruko saioa izango da eskainiko dutena, eta 20 abeslari inguruk parte hartuko dute ekitaldian. Saioaren ostean, berriz, afaria egingo dute.

Pandemia, oraindik presente

Azken bi urteetan izurriaren eragina igarri izan dute Iraurgi Abesbatzan, eta uneko osasun eta segurtasun neurriek beraien eguneroko jarduna baldintzatu dute, batzuetan gehiago, besteetan gutxiago. Varelak adierazi duenez, oraindik ere igartzen dute pandemiaren eragina taldean: "Taldea oraindik ez dago erabat osorik, batzuk ez dira abesten hasi. Horietako zenbaitek datorren irailean hasteko asmoa dute, baina ez gaude ziur zenbat izango garen. Momentu honetan abesbatza nahiko txikia da".

Ikasturte amaierako ekitaldi horren bitartez, ordea, jendeak "lanean" ari direla ikus dezaten nahi dute abesbatzako kideek. Lanean ari direla erakusten dute, adibidez, urtea amaitu bitartean dituzten ekitaldiek; izan ere, Varelak dio ekitaldi "garrantzitsuak" izango dituztela irailetik aurrera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide