28 parte hartzaile, andremarietako plater-tiroketa txapelketan

Andoni Elduaien 2022ko uzt. 12a, 14:30

Txapelketako irabazleak eta antolatzaileak, Izarre Jandalon. (Argazkiak: Orion elkartea)

FosoRobot izeneko lehian aritu ziren parte hartzaileak, hau da, hamabost plater laranja modalitatean. Jokin Ugartetxea, Jon Agirre eta Iñaki San Pedro nabarmendu ziren txapelketan.

Joan den larunbatean, andremarietako plater-tiroketa txapelketa jokatu zuten Izarre Jandalon. Orion elkarteak antolatutako lehian 28 lagunek parte hartu zuten, lau mailatan banatuta.

Eguraldiak lagunduta, maila ona erakutsi zuten parte hartzaile guztiek. Lehen eta bigarren mailan, Jokin Ugartetxeak irabazi zuen proba, hirugarren mailan, Jon Agirre nagusitu zen, eta laugarren mailan, Iñaki San Pedro. Aldiz, Orion elkarteko bazkideen artean Jose Ignazio Gartzia nabarmendu zen.

Goizean, 09:00etatik 12:00etara bitartean, entrenamendu saioa egiteko aukera izan zuten parte hartzaileek zelaian; guztira, 60 bat erronda egin zituzten entrenamenduen tartean. Ondoren hasi zituzten jaurtialdiak; goizekoa, 12:00etatik 13:00etara bitartean jokatu zuten, eta arratsaldekoa, 16:00etatik 17:30era. Sariketan Euskal Herriko Tiro Olinpiar Federazioaren arauak jarraitu behar izan zituzten lehiakideek; hamabost plater laranja modalitatean, FosoRobot izenekoan, aritu ziren.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide