Nemanja Radulovic biolinistak eta Kanarietako Gazte Orkestrak kontzertua eskainiko dute Azkoitian

Andoni Elduaien 2022ko uzt. 11a, 12:30

Nemanja Radulovic biolinista ospetsua Azkoitian izango da. (Nemanja Radulovic)

Hilaren 22an, ostirala, emango dute kontzertua Baztartxo antzokian, eta dagoeneko eskuratu daitezke emanaldirako sarrerak. Kanarietako taldeak Mendelssohnen 1. sinfonia eta Tchaikovskyren Biolinerako Kontzertua interpretatuko ditu, "biolinarentzat dagoen obrarik zailenetakoa". Bakarlari gisa Nemanja Radulovic biolinista arituko da.

Hurrengo ostiralean, uztailak 22, Nemanja Radulovic biolinistak eta Kanarietako Gazte Orkestrak kontzertua eskainiko dute Azkoitiko Baztartxo antzokian. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zehar egingo du bira orkestrak, eta Azkoitian egingo dute geldialdietako bat. Hain zuzen, hilaren 22an emango dute kontzertua herrian, 19:30ean hasita. Kontzerturako sarrerak salgai daude dagoeneko, eta 5 euroren truke eros daitezke Entradium atarian.

Radulovic biolinista serbiarrak Piotr Illich Tchaikovski konpositoreak 1878an idatzitako Biolinerako Kontzertua interpretatuko du, biolinarentzako "obrarik zailenetarikoa". Serbiarrak Echo Klassik saria jaso zuen 2015ean, eta ezaguna da bere "birtuosismoagatik, sakontasunagatik eta espresioagatik". Warner Classicsen artista esklusiboa da hura 2021. urteaz geroztik. Mundu mailako orkestra handienekin jo du Radulovicek, besteak beste, Berlingo Deutsches Symphonie-Orchesterrekin, Montrealko Orkestra Sinfonikoarekin edota Tokioko Symphony Orchestrarekin.

Serbiarrak Kanarietako Gazte Orkestra izango du bidelagun. Euskal Herriko Gazte Orkestrak 25. urteurrena bete du aurten, eta horren harira, Kanarietako taldea gonbidatu dute Euskal Herrira. Donostiako Musika Hamabostaldian parte hartuko du orkestrak hilaren 21etik 27ra, baina han aritu aurretik bost kontzertuko bira egingo dute Euskal Herrian zehar, eta emanaldi horietako bat izango da Azkoitian eskainiko dutena. Gainerako kontzertuak Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Hondarribian eskainiko dituzte.

Victor Pablo Perezek zuzentzen du Kanarietako Gazte Orkestra, eta 55 musikarirekin etorriko da hura Azkoitira. Mendelssohnen 1. sinfonia eta Tchaikovskyren Biolinerako Kontzertua interpretatuko ditu orkestrak. Zuzendariaren arabera, "esperientzia ahaztezina" izango da beraientzat Euskal Herrian kontzertuak ematea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide