Giro paregabean hasi dute Urrategiko Amaren eguna

Maialen Etxaniz 2022ko uzt. 10a, 13:44

Eguraldi ederrarekin ari dira ospatzen Urrategiko festak. Ohiturei hutsik egin gabe, gaur goizeko mezetan elkartu da jende gehien. Horien ostean, herri kirol erakustaldia eskaini dute Jon Unanue Goenatxo III.a-k, Mikel Larrañagak, Karmele Gisasolak eta Julen Alberdi Txikia IV.a-k. Arratsaldean jarraituko dute festetarako antolatutako ekintzek. 

Ostiralean hasi ziren Urrategiko festak, baina gaurkoa da egun handia. Urrategiko Amaren eguna ospatu dute gaur eguerdian Urrategin, eguraldi ederra lagun. Urtero gaurko egunez izan ohi den bezala, mezak izan dira protagonistak.

Goizean, 09:00etan eta 11:00etan, Urrategiko Amaren eguna ospatzeko mezak eskaini dituzte, Urrategiko ermitan. Jende ugari bertaratu da Ama Birjinari agurra egitera, eta jendez bete da ermitaren kanpoko aldea. Ondoren, Urdangarinen eta Zubeldiaren bertso saioa izan da, eta eguerdia borobiltzeko herri kirol erakustaldia eskaini dute Jon Unanue Goenatxo III.a-k, Mikel Larrañagak, Karmele Gisasolak eta Julen Alberdi Txikia IV.a-k. Arratsaldean, berriz, haurrentzako jolasak, asto-demak eta erromeria izango dira, eta horiekin agurtuko dituzte aurtengo festak.

Hona hemen arratsaldeko egitaraua: 

  • 16:30. Lopene eta bere abereak.
  • 16:30. Ume jolasak, puzgarriak eta tailerrak.
  • 18:00. Errezilgo Argindei, Aizarnazabalgo Xarpa eta Azkoitiko Txibilter astoen arteko dema saioak. Irabazlearentzat saria Lizarri Eraikuntzak etxeak ipinitako manta izango da.
  • Ondoren, Aintzane Agirrebeña eta Zabale trikitilarien erromeria.

(Argazkiak: Ibon Errazu eta Maialen Etxaniz)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide