Atzo, ostiralarekin, hasi ziren herritarrak Urrategiko festak ospatzen. Mus txapelketa egin zuten auzoko soziedadean, eta 48 bikotek parte hartu zuten lehian, inoizko bikote kopuru handiena. 22:00etan hasi zen txapelketa, eta 02:30 aldean bukatu.
Pedro eta Juan nagusitu ziren atzokoan, eta beraz, haientzat izan ziren txapela, 300 euro eta oparia. Bigarren, berriz, Aritz eta Arkaitz sailkatu ziren, eta horiek 150 euro eta oparia jaso zituzten. Hirugarren, berriz, Urtia eta Korta izan ziren –Isidro erretegian bi lagunentzako afaria irabazi zuten–, eta laugarren Patxi eta Julen –bi oilasko eta oparia jaso zituzten–.
Bihar, igandea, jarraituko dute festek. Hain zuzen ere, meza, bertsolarien saioa, herri kirol erakustaldia, trikitilarien emanaldia, umeentzako jolasak eta puzgarriak nahiz astoen dema izango dira egun osoan zehar.
Hona hemen biharko egitaraua:
Uztailak 10, igandea
09:00. Meza.
11:00. Meza Nagusia.
12:00. Urdangarin eta Zubeldia bertsolarien saioa.
12:30. Herri Kirolak: proba konbinatua.
- Jon Unanue Goenatxo III.a eta Mikel Larrañaga.
- Karmele Gisasola eta Julen Alberdi Txikia IV.a.
13:30. Zabale eta Aintzane Agirrebeña trikitilarien saioa.
16:30. Lopene eta bere abereak.
16:30. Ume jolasak, puzgarriak eta tailerrak.
18:00. Errezilgo Argindei, Aizarnazabalgo Xarpa eta Azkoitiko Txibilter astoen arteko dema saioak. Irabazlearentzat saria Lizarri Eraikuntzak etxeak ipinitako manta izango da.
Ondoren, Aintzane Agirrebeña eta Zabale trikitilarien erromeria.