Mikel Arzalluz futbol jokalari azkoitiarrak Asturiasko (Espainia) UP Langreo futbol taldean jokatuko du datorren denboraldian. Asturiasko taldeak gaur goizean jakinarazi du fitxaketa, eta akordioaren arabera, han arituko da 27 urteko erasoko jokalaria 2022-2023 denboraldian. Espainiako Bigarren RFEF mailan jokatuko du Arzalluzek datorren sasoian.
Azkoitiko Anaitasuna futbol taldea utzi ondoren hartu zuen Arzalluzek iaz Getxoko (Bizkaia) Arenas futbol talderako bidea. Han aritu da azken denboraldian, eta 34 partida jokatu ditu azkoitiarrak han; lau gol sartu eta goleko zazpi pase eman ditu. Orain, esperientzia berri bat probatzea erabaki du Euskal Herritik kanpo.