Tuneletako argiteria berritzeko, Urretxura arteko bidegorria itxiko dute bi astez

Andoni Elduaien 2022ko uzt. 7a, 13:38

Azkoitia eta Urretxu arteko bidegorria. (Andoni Elduaien)

Astelehenean itxiko dute Azkoitia eta Urretxu lotzen dituen bidegorria. Lan ordutegitik kanpo eta asteburuetan nahiz jaiegunetan, bidegorria irekita egongo dela jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak mantenu lanak egingo ditu Azkoitia eta Urretxu arteko bidegorrian. Lan horietako batzuk tunelen barruan egingo dituzte; izan ere, erakundeak jakinarazi du tuneletako argiteria berrituko dutela datozen asteetan. Mantenu eta konponketa lanak egin ahal izateko, erabiltzaileen pasabidea erabat eten beharko dute; datorren astelehenean, uztailak 11, itxiko dute bidegorria.

Ibilbidean dauden zenbait tunelen argiztapena berrituko dute. Zehazki, aurreikusitako lanak egiteko, Aspiazu, Androndegi, Ezkidi, Igaranerreka, Igaranzubi, Etxebeltz, Aietebeondo, Azketa, Ibetete, Aizpurutxo, Ubola, Artetxeberri, Mandabieta, Mugarrieta, Aietsubagoko tunelak erabat moztuko dituzte, "gutxi gorabehera bi astez".

Lanak egin bitartean, oinezkoek nahiz txirrindulariek ezingo dute tunel horietatik igaro. Lanak egunez egingo dituztela iragarri du erakundeak, hain zuzen, astelehenetik ostiralera, 08:30etik 18:30era. Hala eta guztiz ere, ordutegi horretatik kanpo eta jaiegunetan nahiz asteburuetan, tunelak irekita egongo dira, eta erabiltzaileek bertatik igarotzeko aukera izango dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide