Etzi, ostirala, Beasaindik (Gipuzkoa) abiatuko da Ehunmilak mendi proba ezaguna; 18:00etan irtengo dira parte hartzaileak herri horretako plazatik, eta segidan, inguruko herrietatik eta mendietatik igaroko dira lasterkariak.
Urtero moduan, aurten ere Azkoitiko lurrak zeharkatuko ditu Ehunmilak lasterketak. Gorlatik iritsiko da lasterketa Elosura. Hain zuzen, 21:10ean espero da probako parte hartzaile azkarrena han. Auzo horretatik herriko beste batera egingo dute jauzi mendi lasterkariek; izan ere, Madariagara zuzenduko dira jarraian. 22:35ean espero dituzte korrikalaririk azkarrenak Madariagan jarriko duten kontrol eta anoa postuan.
Azkoitiar askok eman dute izena Ehunmilak proban parte hartu ahal izateko, eta horiek 168 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. Asteburuan Goierri inguruan jokatuko diren beste bi mendi lasterketetan ere parte hartuko dute, ordea, azkoitiarrek. Goierriko Bi Haundiak (88 kilometro) proba ostiraleko 23:00etan abiatuko da Beasaingo plazatik. Marimurumendi mendi maratoia (42 kilometro), berriz, igandeko 08:00etan abiatuko da.