Imanol Arizmendi txirrindulari azkoitiarrak Euskadiko txapelketa irabazi zuen larunbatean, Erriberrin (Nafarroa). Master 30 mailako txirrindularirik azkarrena izan zen Arizmendi. 102 kilometroko etapa osatu behar izan zuten txirrindulariek, eta azkoitiarrak bi ordu eta 26 minutuan osatu zuen ibilbidea, proba batez besteko 41,8 kilometro orduko abiaduran eginda. Txapelketako bigarren sailkatua Arizmendik egindako denboratik bi minutu eta 22 segundora sartu zen helmugan.
Lasterketako 20. kilometroan, ihesaldia sortu zuten hamahiru txirrindularik, baina 70. kilometrora arte ez zuten mendaterik izan; 13 kilometroko mendatea egin behar izan zuten parte hartzaileek. Arizmendi taldekide batek lagunduta sartu zen ihesaldian, eta mendatean gora zihoaztela ihesalditik ihes egitea lortu zuen azkoitiarrak. Hori horrela, helmugaraino bakarrik iritsi zen Arizmendi, azken 28 kilometroak bakarrik eginda.
Euskadiko master 30 mailako txapelketa irabazteaz gain, mendiko maillota ere jantzi zuen Arizmendik; izan ere, etapan mendate bakarra gainditu behar izan zuten txirrindulariek, eta hura igarotzen lehena Arizmendi bera izan zen.