Ekoguneak martxan du III. Udako baratze ederrenak lehiaketa antolatu du, udako baratze ederrenak aukeratzeko. Azkoitiko baratze parkea Baratze Parke Sareko kidea da, eta bertan baratzea duten herritarren lehiaketan parte hartu ahal izango dute, nola lehiakide bezala hala botoa emanez.
Lehiakide moduan parte hartu ahal izateko, udal baratzeen erabiltzaileek mezua bidali beharko dute baratzeparkea@ekogunea.eus e-postara, lehiaketan parte hartu nahi dutela adieraziz, uztailaren 31 baino lehen. Jarraian, Kutxa Ekogunea harremanetan jarriko da aurreko mezua bidaltzen duten pertsona guztiekin, haien datuak bildu eta lursailari argazkia ateratzeko.
Parte hartzaile guztien artean zortzi lursail ederrenak aukeratuko ditu epaimahaiak, eta finalista horien argazkiak Kutxa Ekogunearen webgunean eta sare sozialetan argitaratuko dituzte abuztuaren 31n. Baratze Parke Sareko lursailen erabiltzaileek bozketa bidez hautatuko dituzte hiru irabazleak. Erabiltzaile bakoitzak boto bat emateko aukera izango du, eta ezingo du bere burua bozkatu.
2022eko urriaren 22an jakinaraziko ditu Ekoguneak bere webgunean irabazleen izenak. Lehiaketaren irabazleak 80 euroko balioa duen saskia jasoko du; bigarren sarituak 60 euroko balioa duen saskia; eta hirugarrenak 40 euroko balioa duen saskia. Lehiaketan botoa ematen duten guztien artean, gainera, 40 euroko balioa duten bi saski zozkatuko dituzte. Iazko lehiaketan Azkoitiko bi baratze saritu zituen Ekoguneak.