Euskadi Lagunkoiaren hamargarren urteurren ekitaldian izan dira Azkoitiko ordezkariak

Andoni Elduaien 2022ko eka. 30a, 11:04

Zubillaga zinegotzia, eskuinetik laugarrena. (Azkoitiko Udala)

Euskadi Lagunkoiak atzo egin zuen hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldia. Azkoitiko ordezkariek ere parte hartu zuten ospakizunean. Ekimenak, gaur egun, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 70 udalerri ditu atxikita.

Atzo, asteazkena, hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldia egin zuen Euskadi Lagunkoiak Donostiako Tabakaleran. Mertxe Zubillaga Azkoitiko Udaleko Berdintasun zinegotziak ere ospakizunean parte hartu zuen, Azkoitia ordezkatuz; izan ere, herria 2017an batu zen Euskadi Lagunkoia sarera, Azkoitia Lagunkoia izenarekin.

Matia Fundazioak jarri zuen abian ekimena, baina egun Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak kudeatzen du. Ekimenaren helburua da herritarren parte hartzea sustatzea, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako auzoak, herriak eta udalerriak garraioaren, etxebizitzaren, gizarte-zerbitzuen eta osasunaren eremuetan hobetzeko, baita eraikinak eta aire zabaleko espazioak ere. Gaur egun, 70 udalerri daude batuta ekimenera: 18 Araban, 27 Bizkaian eta 25 Gipuzkoan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide