Uztailaren 30ean jokatuko da aurten txirrindularitzako Donostiako Klasikoa, eta eskualdeko errepideetan egingo du ibilbideko lehen zatia. Iaz bezala, aurten ere Azkaratetik barrena sartuko dira herrira txirrindulariak.
Lasterketan sei mendate puntuagarri izango dira, eta horietako bat izango da Azkoitiko Azkarateko mendatea (3. mailakoa). Hain zuzen ere, probako lehen mendatea izango da Azkarate. Elgoibarko autobideko ordainleku aurreko biribilgunetik sartuko da lasterketa Azkaratera. Antolatzaileek aurreikusitako ordutegiaren arabera, 13:22 eta 13:32 aldean iritsiko dira lehen txirrindulariak eguneko lehen mendate gainera.
Azkarateko mendatean behera jaitsira Azkoitira iritsiko dira txirrindulariak; 13:31 eta 13:42 bitartean espero da tropela Azkoitian. Txirrindulariek saihesbidetik egingo dute bidea herrian, eta Loiolarako bidea hartuko dute jarraian. Lasterketak herria gurutzatzen duen bitartean, trafikoa itxita egongo da gainerako ibilgailu guztientzat.